‘Parisen bizi naiz’ poesia liburua aurkeztuko du Izagirrek Hitz liburu dendan

Anboto 2014ko urt. 20a, 08:00
Udazkenean kaleratu zuen poesia liburua aurkeztera etorriko da Koldo Izagirre idazle pasaitarra, urtarrilaren 23an, Durangora. Hitz liburu dendan antolatu dute aurkezpena, eta liburuko olerkiak errezitatuko ditu egileak ekitaldi horretan.

 

Hitz-eko arduradunek adierazi dutenez, 45 minutuko iraupena izango du egueneko errezitaldiak, eta doako sarrera izango du.

Izagirrek argitara eman duen zazpigarren liburua da Susagaz kaleraturiko Parisen bizi naiz. Baina Frantziako hiriburuan ez ezik, beste hainbat hiritan ere kokatuta dago liburua. Poesiaren edertasuna eta gogoetarako eta kritikarako gaia eskaintzen ditu Izagirrek bere azken laneko olerkietan.

Azken hilabeteetan, datorren eguenekoa bezalako hainbat aurkezpen antolatu dituzte Durangoko Hitz liburu dendan; esaterako, Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo liburuaren edizio berria aurkezteko, Durangaldeko hainbat kulturgile eta zale batu ziren poesia errezitatzera, Hitz-en antolaturiko ekitaldian. 

Abendu amaieran, Gotzon Barandiaran eta Jon Benito ere izan ziren poesia errezitatzen, zuzeneko musikak lagunduta, Hitz liburu dendan. (Des)amodio izenburuko emanaldia izan zen urte amaierako hura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!