'D txartela' kanpainako bonoak amaitu direla iragarri du udalak

Anboto 2014ko urt. 13a, 13:35
Udalak adierazi du astebetean agortu direla bono horiek. 1.500 txartel egon dira eskuragarri Kutxabankeko kutxazainetan. Bost euro ordainduta, hamabost euroko balioa dauka txartel horrek dendetan erosketak egiteko.

Udalak azaldu du ekimenak arrakasta eduki duela martxan jarri eta astebetera. Pozik agertu da Iker Oceja merkataritzarako zinegotzia: "Lanean jarraituko dugu Durangoko merkataritzan eragiteko eta berau indartzeko, sektore benetan garrantzitsua delako".

 

Ocejak eskerrak eman dizkio Dendak Bai elkarteari, bere arabera kanpainan inplikatu eta laguntasuna eman dielako. Elkarteko 38 denda daude egitasmoan, eta beste hamabi ere apuntatu direla azaldu du udalak. Dendak Bai elkarteko presidente Guillermo Oarbeaskoak ere balorazio ona egin du: “Kanpaina oso erakargarria da, Durangoko dendetan egiten diren erosketa kopurua igoko duena, azalera handiko merkatal guneei eta azalera handiagoko beste hiri batzuei aurre egiteko aukera izanez". Ekimena, “herriko merkataritzari ematen zaion garrantziaren eta udala eta elkartearen arteko elkarlanaren isla” da, Oarbeaskoaren ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!