Merkealdiagaz batera ipini dute martxan 'd txartela'

Anboto 2014ko urt. 7a, 13:22
Udalak 1.500 bono salduko ditu gaurtik aurrera, merkealdian herriko dendetan erosketak merkeago egiteko. Herritarrek hamabost euroko balioa daukaten txartelak lortu ahalko dituzte bost euro bakarrik ordainduta.

Herritarrak bertako dendetan erostera bultzatzea. Hori da udalaren helburua 'd txartela' martxan ipinita. Bost euro ordainduta, hamabost euroko balioa daukan txartela jasoko dute bueltan, eta horregaz erosketak egin ahal izango dituzte hainbat dendatan. Udalak 15.000 euro inbertitu ditu ekimen honetan, bonoaren balioaren aldea bere gain hartuz. Otsailaren 28ra arte eskuratu ahalko dira 1.500 txartel horiek. BBKren kutxazainetan hartu beharko dituzte herritarrek.

Iker Oceja merkataritzarako zinegotziak azaldu du ideia Aldundiak eta CECOBIk sortutako bonoetatik datorrela. Gero, Dendak Bai elkarteagaz berba egin eta adostu zuten zelan garatu Durangon. Elkarte horretaz kanpoko komertzioek ere parte hartu ahalko dute ekimenean, eta horretarako Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) eman beharko dute izena. Parte hartuko duten komertzio guztiek kartel berezi bat edukiko dute atean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!