Camusen ‘Los justos’ lanaren moldaketa

Anboto 2014ko urt. 11a, 08:00
Albert Camus idazlearen testuaren moldaketa da gaur, 20:00etan, San Agustinen izango dena

Gaur Los justos eskainiko duten kulturgunetik bertatik, Durangoko San Agustinetik, luzatu zuten antzezlana ikustera bertaratzeko gonbita, joan zen astean, Javier Hernandez-Simon eta Jose Antonio Perez bilbotarrek. Euskal Herrian lehenengo aldiz, Durangoko antzokian eskainiko du Madrileko 661teatro taldeak Los justos obra.

Duela hamarkada bat sorturiko ideiari forma emanda prestatu dute, gaur, Durangon eskainiko duten antzezlana. Albert Camus idazleak Errusiako iraultzan, 1905ean, kokatu zuen Los justos; eta Madrilen, 1979an, kokatu dute Hernandez-Simonek eta Perezek moldaketa honetan. Ehun urte bete ziren 2013an Camus jaio zela, eta haren omenaldi gisa ere aurkeztu dute obra.

Antzerkigileek azaldu dutenez, Camusen jatorrizko testua gurera ekarri, eta "ETAren jardunaren eta indarkeria ororen zentzubakotasuna" adierazi gura izan dute euren moldaketa honekin: "ETAri buruzko eta ETAren kontrako obra da Los Justos", obraren aurkezpen orrian esaten denez:"Gogoeta egin gura dugu azken urteotan bizi izan dugunari buruz; zergatik daramagun mende erdi terrorismoagaz bizitzen, eta zergatik gaur egun, oraindik, badagoen praktikatzen eta justifikatzen duenik", diotenez. 

Antzezlanaren bitartez, hainbat galdera plazaratuko dituzte gaurko San Agustingo emanaldian: "Justua al da justiziaren izenean inor erailtzea? Zenbat pertsona hil daitezke helburuak bitartekoak justifika ditzan? Nork erabakitzen du hori?" Sei aktorek jardungo dute oholtza gainean.

Gaur zabalduko du San Agustin kulturguneak urte berria, eta dagoeneko zehaztu dituzte datozen asteetan bertan izango diren ikuskizunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!