"Lehiak magia berezia eskaini izan dit beti, eta hori berreskuratu dut"

Anboto 2014ko urt. 10a, 10:43
Gazteagotan iraupen-eskia eta neguko triatloiak egin eta Espainiako txapelketa asko irabazi zituen Naia Alzolak (37 urte, Durango, Diman bizi da). Orain, amatasunagaz gozatu ostean, ziklo-krosean hasi da. Aurten, bere taldekiderik gazteenari adina bikoiztuko dio. Baina ez dio ardura; neska gazteek ilusioa eta freskotasuna kutsatzen dizkiotela dio.

Gazteagotan iraupen-eskia eta neguko triatloiak egin eta Espainiako txapelketa asko irabazi zituen Naia Alzolak (37 urte, Durango, Diman bizi da). Orain, amatasunagaz gozatu ostean, ziklo-krosean hasi da. Aurten, bere taldekiderik gazteenari adina bikoiztuko dio. Baina ez dio ardura; neska gazteek ilusioa eta freskotasuna kutsatzen dizkiotela dio.

 

Zergatik erabaki zenuen txirrindularitzara bueltatzea?

Alaba bi izan nituen eta ama izateko esperientzia hori ez nuke ezergatik aldatuko, baina kirolari izan garenoi tira egiten digu kirolak, gorputzak eskatu egiten digu. Hainbat arrazoirengatik aukeratu dut ziklo-krosera bueltatzea: iraupen-eskiagaz alderatuta, entrenatzeko erraztasunak eskaintzen dituelako,  ez direlako proba luzeegiak, eta ikaragarri gustatzen zaidalako. Ziklo-krosa oso-oso dibertigarria da. Behin probatuz gero, harrapatu egiten zaitu. Bizitasun handiko kirola da.

 

Bilatzen zenbiltzan hori eskaini dizu ziklo-krosak?

Lehiak beti erakarri nau, baina hori aspalditik dakit. 12 urtegaz hasi nintzen iraupen- eskia egiten. Lehiak magia berezia eskaini izan dit beti, eta orain hori berreskuratu dut. 

 

Zelan sortu zaizu Iurretako taldera batzeko aukera?

Ni neure kabuz lehiatzen hasi nintzen. Hor ibiltzen ginen autokarabanagaz eta alaba biekin lasterketetara joaten, eta testuinguru horretan logikoena neure kabuz aritzea zen. Baina Agus Ruiz Larringan taldera batzeko ekin eta ekin aritu zitzaidan luzaroan, nire esperientzia gaztetxoentzat baliagarria izan zitekeela uste zuen. Azkenean konbentzitu egin ninduen. 

 

Zure taldekide guztiak oso gazteak dira. Erreferente lez hartuko zaituzte.

Bai. Orain urte bi Euskadiko selekzioagaz Espainiako Txapelketara joan nintzenean horrelako zerbait bizi izan nuen. Esperientziak txirrindularitza ulertzen laguntzen du eta guk dakiguna gazteei erakutsi egin behar zaie apurka. Edo ez zutela gosaltzen edo beroketa ariketak ez zituztela egoki egiten… Aholkulari figura hori polita da, gustatzen zait. Niri neska gazteek freskotasuna eta ilusioa kutsatzen dizkidate. Sarritan gauzak aldrebes egiten dituzte, baina hori ere polita da, euren ikasketa prozesuko parte zara, eta apurka ikasi egiten dute. 

 

Urrian hasi zen denboraldiari bikain ekin zenion.

Espero baino hobeto hasi nintzen. Espainiako Kopako lasterketekin hasi eta nahiko aurrean ibili nintzen, pilo bat gozatzen nuen eta gazteei egurra ematen  nien [barre]. Lau proba irabazi ditut: Berriz, Amezaga, Usurbil eta Arbulon.

 

Asteburu honetan Espainaiko Ziklo-kros Txapelketan parte hartuko duzu Euskadigaz.

Bai. Orain ez nago hain sasoi onean, baina joatea erabaki dut, taldekideekin esperientzia hori partekatzea polita delako. Dudan guztia eman eta ikusiko dugu noraino heltzen garen. Orain ez nago podiuma borrokatzeko moduan. Baina, Olatz Odriozola taldekideak baditu aukerak. 

 

Hamabi urtegaz iraupen-eskia egiten hasi zinen.

Aitak txertatu zidan afizioa. Etxean beti lagundu eta bultzatu izan gaituzte kirol mundura. Euskadin talde bat sortu eta hantxe ibili nintzen. Espainiako Txapelketa hainbat bider irabazi nuen. Urte batzuetan ibili ostean, 19 bat urtegaz utzi egin nuen. Batetik, nekatu egin nintzen, eta, bestetik, ilusio barik geratu nintzen; nire gaztaroan emakumea izateak zailtasun asko zekartzan. Ez genuen kanpora lehiatzen joateko modurik. Gure ametsak hor geratu ziren emakumea izatearren. Ondoren, neguko triatloietan hasi nintzen, eta Espainaiko Txapelketa bat irabazi eta Munduko Txapelketetan ere parte hartu nuen. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!