Urte berriagaz lidergoa estreinatu du Ezkurdik parekotasuna nagusi den mailan

Anboto 2014ko urt. 9a, 11:15
Bigarren Erregionalean lehen seiak hiru punteren barruan daude; tartean dira Ezkurdi eta Iurretako B

Denboraldia hasi denetik goialdeko postuetan ibili ondoren, joan zen asteburuan etxean lortutako garaipenak Bigarren Erregionaleko lidergoan kokatu du Durangoko Ezkurdi futbol taldea. Urte berriak erantzukizun berria ekarri die, eta asteburuan, Orozkon, lehen postua defendatuko dute Atxulaur taldearen aurka. Dena dela, postu horri luzaroan eustea gaitza izango da, sei talde hiru punturen barruan daudelako, eta ez delako ikusten talde bat besteen gainetik dagoenik eta sailkapenean ihes egin dezakeenik. 

Etxeko partiduetan dago Ezkurdi hain goian ibiltzearen arrazoia. Arripausuetan jokoan izan diren 21 puntuetatik 19 batu dituzte: sei garaipen eta berdinketa bat. Joan zen asteburuan 3-2 menderatu zuten jaitsiera postuetan dagoen Mungia. Partidua amaitzeko minutu biren faltan, bigarren zatian zelairatutako Mikel Rivas aurrelariak eman zion garaipenaren gola Durangoko taldeari. 

Orain urte bi Bigarren Erregionalerako igoera lortu zuen Ezkurdik. Iaz zazpigarren postuan amaitu zuten denboraldia, eta Iñigo Larrañaga entrenatzaileak onartu duenez, "aurten goian ibiltzea izan dugu helburu hasieratik". Orain arteko ibilbidea kontuan hartuta, aurtengo helburua mailaz igotzea izango dute. Oro har, taldea iazko bera da, lau aurpegi berrigaz: Maren Mallagarai atezaina gazteen taldetik igo dute; Joseba Bizkarra Abadiñoko gazteetatik etorri da; Ander Gangoiti zentrala iaz ez zen futbolean aritu eta aurretik Iurretakon jokatu zuen; eta Jon Garcia eskuin hegalekoa Lemoaberritik etorri da. 

Aurreneko talde biak zuzenean igoko dira Lehenengo Erregionalera, eta hirugarrenak promozioa jokatuko du. Gaur egun, Iurretako B dago promozio postu horretan. Hain zuzen, Ezkurdik Iurretako B taldeari hartu dio erreleboa lidergoan. 2013a iurretarrek amaitu zuten gorengo postuan, eta urte berriak errekaz bestaldera ekarri du ohore hori. Hiru aste falta dira derbirako: urtarrilaren 26an izango da, bigarren itzuliko lehen partiduan. Joanekoan Iurretako Bk 3-1 irabazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!