Esnea erosteko guneak ezartzea proposatu dute ekintza planerako

Anboto 2013ko abe. 19a, 14:30
Bildu eta Aralarrek ekintza planerako proposamen alternatiboa aurkeztu dute

Bildu eta Aralarrek ekintza planerako proposamen alternatiboa aurkeztu dute.

 

Urrian ez zen onartu EAJk landutako ekintza plana, eta horren aurrean, Bildu eta Aralarreko zinegotziek euren proposamena aurkeztu dute. Agenda 21aren barruan 2020ra arte garatzeko ekintzak jaso behar ditu planak. Joan zen barikuan bidalitako prentsa oharrean ziotenez, hogei bat ekintza txertatu dituzte euren dokumentuan, parte-hartze foroetan herritarrek asmatutakoak. Besteak beste, baserriko esnea saltzeko guneak ezartzea, ludoteka eta gaztegune zerbitzuak eskaintzea edota txandakako etxebizitza eta alokairu publikoak lehenestea.

 

EH Bildu koalizioan batzen diren alderdiek EAJren hasierako plana kritikatu dute: “Tokiko agendako foroetan erabakitakoa ez zen inondik inora jasotzen”. Tartean, Urki-Hegoalde saihesbiderako inbertsio bat zegoen, adibidez. “Argi eta garbi esan behar dugu diru partida horiek ez direla foro parte-hartzaileetan onartu. Beraz, EAJ herritarrei iruzur egiten saiatu da”.

 

EAJri deia

Gobernu taldearen proposamenari alternatiba eman gura izan diote Bildu eta Aralarreko zinegotziek: “12.889.400 euroko aurrekontuagaz, zehaztasunez jasotzen du foro parte-hartzaileetan eztabaidatutakoa eta adostutakoa”. Oharrean, proposamen hori udalbatzarrera eroateko deia egin zioten Bilduk eta Aralarrek EAJri, baina martitzenean ospatutako ohiko udal bilkuran, behintzat, ez zuten landu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!