Durangoko Etengabeko Arreta Gunea larrialdietan

Anboto 2013ko abe. 13a, 09:42

Anbulatorioko langileek eskatu ziguten moduan, aurtengo maiatzean mozio bat aurkeztu genuen Durangaldeko udalerrietan, eta onartu egin zen. Mozio horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu genion barruko eskualdean bi anbulantzia medikalizatu gehiago izatea. Gaur egun eskualdean dagoen anbulantzia medikalizatu bakarra Gernikan dago, eta urruti samar geratzen zaigu larrialdietan. Horrez gain, erizain lanpostu bat eskatu genuen, erizaintzako langileen zerrenda osatzeko. Elkartasuna adierazteaz gainera, kezka agertu genuen, Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langileen lan baldintzak zirela-eta. Bestetik, konpromisoa hartu genuen gure gain, herritar guztiei kalitatezko osasun-laguntza bermatzeko, eta Etengabeko Arreta Gunean sumatutako gabezia eta arazo guztien berri Osasun Sailari jakinarazteko.

 

Orain dela gutxi, aurreko azaroan, Osakidetzako zuzendariak Eusko Legebiltzarrean esku hartu zuen batean, barruko eskualdeko Lan Osasuneko batzordeak, EAGko langileen ordezkaritzan, berriz salatu zuen langile horiek egunero-egunero lanean aurkitzen duten egoera larria, eta Osakidetzako zuzendari nagusiak eskaturik, informazio espedienteak abiarazi dituztela osasun arloko langileak ikertzeko, prentsan ustez egin dituzten adierazpenak direla-eta. Hori guztia kontuan izanik, beharrezkoa iruditu zaigu beste mozio bat aurkeztea, langileei elkartasun eta laguntza osoa erakusteko, Eusko Jaurlaritzari Durangaldeko hainbat udalerritan onetsitako mozioak gogora ekartzeko, eta anbulatorioko langileei abiarazitako espedienteak ezaba ditzaten eskatzeko. Argi eta ozen esaten dugu ez garela geldituko erabiltzaileek eta langileek larrialdietako zerbitzu duina izan arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!