"Hautsi... eta izan zaitez zu" disko berria aurkeztuko du Dambak

Anboto 2013ko abe. 12a, 10:27
Azaroan kaleratu zuten bigarren diskoa aurkeztuko dute Damba taldekoek, Durangoko Plateruenean, bihar. \'Hautsi...eta izan zaitez zu\' izena du diskoak, eta emakumearen indarraren isla izan gura du

Azaroan kaleratu zuten bigarren diskoa aurkeztuko dute Damba taldekoek, Durangoko Plateruenean, bihar. Hautsi...eta izan zaitez zu izena du diskoak, eta emakumearen indarraren isla izan gura du.

 

Diskoaren aurkezpenean taldekideek esan zutenez, zuzenekoak dira taldearen indargune nagusia: “Abestietan, festarako gogoa eta alaitasuna transmititu” nahi dituztela azpimarratu dute. Erritmo biziak eta kultur nahasketa eskainiko ditu Damba taldeak, Durangoko Platerueneko gaurko kontzertuan. Rock, blues, punk, reggae, saltsa edota funk estiloko kantak dauzkate, ukitu kubatar nabariagaz.

 

Emakumeen gaiaz aparte, aurreko diskoan bezala, beste gai sozial batzuez ere badihardu Dambak disko berriko kantetan. Emakumezko bi dira taldeko abeslariak: taldea osatu zutenetik abeslari lanetan diharduen Estitxu Pinatxo, eta duela urtebetetik taldekide duten Aitziber Estanga.

 

Pinatxo eta Estangagaz, Euskal Herriko mendebalde zein ekialdeko beste sei musikarik osatzen dute Damba taldea. Durangaldeko lagunen kolaborazioa ere izan dute bigarren disko honetan: Miren Amuriza Berrizko bertsolariak idatzi ditu letra gehienak. Hain zuzen, “disko honetan letrak indartsuagoak” direla azpimarrtu zuten musikariek aurkezpenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!