Gerediaga elkarteak, diskoetxeek, argitaletxeek eta guneen ordezkariek Durangoko Azokaren oso balorazio baikorra egin dute, gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan.(Argazkia: Txelu Angoitia)
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu duenez,"jendearen erantzuna izugarria izan da, sekulako babesa eta gogoa erakutsi du". Bisitariak azokako gune guztietan ibili direla gaineratu du Mujikak.
Azokako bisitari kopurua DYNICON sistemaren bidez neurtzen da. Antolatzaileek diotenez, atzo arratsaldean 120.000 bisitarien kopurua gainditu zuten.
Joxemari Mujika Euskal Editoreen Elkarteko presidentea ere pozik agertu da."Atzo bilera izan genuen elkartekook, eta aho batez azoka ondo dihoala esan zuten editoreek".
Cristian Amorena Musika Industria Elkarteko kideak azaldu duenez, iazko azokarekin alderatuz salmentak mantendu egin dituzte eta kasu batzuetan igo egin dira. Ahotsenearen kokapen berriak musikari mesede egin diola nabarmendu du. "Artistak eta publikoa hurbilago egon dira".
Oihane Barrutia Sagunganbarako kideak eta guneen ordezkariak ikasleen egunaren arrakasta nabarmendu du. 1.000 ikasle inguru hurbildu ziren eguenean azokara. Guneetan jendetza ibili dela eta antolatutako ekintzetan parte hartu dutela azaldu du Berbaroko kideak.