William Douglassek euskaldunen emigrazioren gainean egindako ekarpen oparoa aintzatetsiko dute gaur San Agustin kulturguneko ekitaldian. antropologo amerikarrak (Reno, Nevada, 1939) sakonki aztertu izan du euskaldunen emigrazioa. 2003an Elkarrizketa Humanitarioen Henry Dunant zentroaren eta ETAren arteko hartu-emanetan bitartekari jardun zuen. Bere ikerketako ondorioak hainbat liburutan batu izan ditu.
William Douglass antropologo amerikarrak (Reno, Nevada, 1939) sakonki aztertu izan du euskaldunen emigrazioa. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko gidari zela, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetara joandakoen bilakaera aztertu zuen, baina baita Hegoamerika eta Australiarako bidea hartu zutenena ere. Euskaldunekiko jakintza eta interes horrek zeregin delikatu bateko partaide izatera eraman zuen orain 10 urte. 2003an Elkarrizketa Humanitarioen Henry Dunant zentroaren eta ETAren arteko hartu-emanetan bitartekari jardun zuen. Bere ikerketako ondorioak hainbat liburutan batu izan ditu. Eta euskaldunek munduan zehar egindako ibileren gaineko ekarpen oparoa aintzatesteko helburuz, Argizaiola saria emango diote. Ekitaldia, gaur, izango da, 20:30ean, San Agustin kulturgunean.
Argizaiola jaso aurreko egunetan euskal hedabideen maratoia egiten dabil. Elkarrizketak batean eta bestean, bata bestearen atzetik. Anbotok eginiko galderei erantzuteko hastia ere hartu du. Saria jasotzea “ohore handia” dela adierazi du. Aurtengoa ez da Durangoko Azoka bisitatuko duen lehenengo biderra. Aurretik “beste bitan” egonda dago, beti ere “liburu erosle kurioso gisa”. Durangoko Azoka “euskal kulturak urtean daukan ospakizunik barneratzaileena eta handiena” dela uste du.
Euskaldunekiko interesa 1963an piztu zitzaion. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean gaztelania eta literatura ikasten zebilela, bazekien bere etorkizuna antropologiari eta giza mugimenduei eskaini gura ziela. Estatu Batuetara bueltan, Chicagon antropologia ikasketak burutu ondoren, baserri guneak jasaten ari ziren exodoa bertatik bertara ikertu zuen Aulestin eta Etxalarren. Handik lau urtera, Euskal Ikasketen Zentroa sortu zuten, eta hango gidaritza eskaini zioten. Harrezkero, euskaldunen emigrazioa eta emigrazio horien bilakaera eta ondorioak gertutik aztertu ditu. Jon Bilbaogaz batera 1975ean argitaratutako Amerikanuak: the Basques o f the New World eta 1985eko Basque sheepherders of the American West lanak dira ikerketa horien erakusgarri esanguratsuenetakoak.
2003ko bitartekari lana
Orain 10 urte ETAren eta Elkarrizketa Humanitarioen Henry Dunant zentroaren arteko bitartekari izatea onartu zuen. Handik denbora batera Argia astekarian eman zuen hartutako ardura horren testigantza. Bitartekari lana diskrezioz egin, eta inoren arretarik ez erakartzeko, sasoi hartan erabateko gaurkotasuna zuen Ibarretxe planari buruz artikulu bat idatzi gura zuen irakasle gisa aurkeztu zuen bere burua hemen. Zamudioko parke teknologikoaren inguruko hotel batean hartu zuen ostatu. ETAren bitartekariagaz batu eta berba egin aurreko orduak tentsioz bizitzen zituela adierazi zuen.
Harrezkero, Euskal Herriko gaurkotasuna aldatu egin da, eta prozesu politikoa “urrunetik” jarraitu duela adierazi du: “Nik neuk ez dut eskurik hartu huts egin zuen gure ekimenetik hona. Pentsatu gura dut zerbait lortu genuela, eta gaur egungo egoera horren gainean eraiki dela. Gaur egungo egoera sortzea lortu duten guztiak zoriondu nahi ditut, eta zuhurtasunez bada ere, baikor nago, eta azkenean indarkeria atzean utzi dugula uste dut. Hala ere, uste dut oraindik zenbait erronka geratzen direla euskal gatazkak erabateko irtenbide politikoa lortu aurretik”.
Egunero idazten du
Orain 13 urte Euskal Ikasketen Zentroko kargua utzi zuen, eta, harrezkero, “beste edozeren gainetik”, bere burua idazle kontsideratzen duela adierazi du. Gaur egun, horretan dihardu “egunero”. “Euskaldunei lotutako ikerketa eta idatziak egiten dihardut oraindik; batez ere, antipodetan eta Hego Ameriketan dauden euskaldunei buruz. Horrez gainera, fikzioa idazten ere ari naiz, eta baita euli-arrantzari –bere afizioetako bat– buruz ere”, azaldu du Douglassek.