Artisautza eta diseinugintza bateratzeko urte hasieran antolatutako Basque Crafts jardunaldiengatik aukeratu du Fundesarte fundazioak Arbaso.
Euskal Dendaren aurtengo ekitaldia aurkezteko egindako prentsaurrekoan Arbaso elkarteko presidente Bernat Vidalek jakinarazi zuenez, Fudesartek (artisautzaren berrikuntzaren arloan lan egiteko duen Espainiako fundazioa) antolatzen dituen Espainiako Artisautza Sarietako bat (enpresa pribatuen sailean) irabazteko hautagaia da Arbaso. Joan zen aste hasieran esan zieten hautagaien artean zeudela, eta oraindik sari banaketarako data zehatzik ez dagoen arren, udaberrian izango da.
Artisautzan sormenean eta lankidetzaren arloan bide berriak eraikitzen egindako ahaleginak egin ditu sarietarako hautagai. Urte hasieran artisauak eta diseinatzaileak elkarlanean ipini zituen Basque Crafts jardunaldiak antolatu zituzten, eta, ondoren, hilabetetako lanaren ostean, simbiosi horretatik irtendako diseinu berritzaileak Bilbon erakutsi zituzten. Jardunaldi horiek urteroko hitzordu bihurtzeko asmoa du Arbasok. Aurten Bilboko Gabonart artisautza azoka antolatzeko ardura ere Arbasok izango du, prentsaurrekoan aurreratu zutenez. Abenduaren 18tik 2014ko urtarrilaren 4ra izango da.
Gero eta lehiakorragoa den ekonomian, Arbaso balantzan dago elkarte eta enpresa ereduen artean
Arbaso, Euskal Herriko artisautza sustatzeko elkartea, irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1995. urtean sortu zuten, eta gaur egun ehun bat artisautza-tailer ditu, hainbat gremiotakoak. Sortu zenetik Bernat Vidal da bertako presidentea. Azken urteotan elkarte batek eskatzen duen militantzia kopurua jaitsi egin dela, eta apurka-apurka artisauen artean enpresa ikuspegia txertatzen ari dela dio.
“Ez da artisautzan bakarrik gertatzen, beste sektoreetan ere gertatzen da”, dio Vidalek Arbasoren gaurkotasuna aztertzen hasita: “Behardaba, orain arte ibili garen militanteok dugu errua. Artisautzaren egoera hobetu guran, sektorea asko profesionalizatu da, eta euren produktuak merkaturatzeko planteamendu berriak eskatzen dituzte artisauek”. Orduan sortzen da elkarte eta enpresa ereduen arteko talka: “Militantzia maila jaitsi egin da. Ideia eta kontzeptu jakin batzuen alde lan egin behar dela uste duen gero eta jende gutxiago dago. Elkarteak kudeaketarako ente eraginkorrak bihurtzeko ikuspegia da nagusitzen ari dena. Behardada, norabide zuzena da, garapen baten pauso logikoa”.
Egiturak birformulatzeko hausnarketa prozesuaren aldekoa da, “baina hori ez da hasi nintzenetik hona borrokatu izan dudan eredua. Azken batean, eraginkortasuna ertz eta ñabardura askotatik aztertu daiteke”. Vidalek 18 urte daramatza enpresako presidente. Urte asko dira, eta “nekatuta” dagoela adierazi du. Arazoa da erreleboa hartzeko prest dagoen inor ez dela agertu, momentuz. |