350 urteko tradizioa dute burdina lantzen.
2005etik hona, Arbaso elkarteak Artetsu sariak banatzen ditu artisautzaren eta euskal kulturaren sustapenean enpresek, elkarteek zein norbanakoek egindako lana aintzatesteko. Sari banaketa gaur izango da, 19:30ean, San Agustin kulturgunean.
Bost sari banatuko dituzte. Bizitza osoko dedikazioari zuzendutakoa Nafarroako Forjas Brun enpresak jasoko du. 1772. urtean Babil Brun burdina lantzen hasi zenetik hona, zortzi belaunaldik hutsik egin gabe jarraitu dute familiako tradizioa. Euskal Herriko zein hemendik kanpoko toki askotan ikusi daitezke Forjas Brunen lanak: ate eta leihoetako bandetan, eraikin eta partzela askotako burdina barrazko itxieretan, balkoietan… Ezkutuak eta askotariko apaingarriak ere sortzen dituzte. Era berean, enpresara bisita gidatuak egiten dituzte, eta herririk herri ere erakustaldiak egiten ibiltzen dira.
Erakunde lagunari dagokion Artetsu saria Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailak jasoko du. Hedabideen artean Gara nabarmenduko dute, eta euskara sustatzen egindako lanagatik Kontseilua sarituko dute. Azkenik, euskal tradizioaren eta hizkuntzaren zabalkundean egindako ahaleginagatik Bertsozale Elkarteak ere Artetsu saria jasoko du.