Gaur eguerdian egin dute irekiera ekitaldia Arbasoko, Gerediagako, Amankomunazgoko eta Durangoko Udaleko ordezkariekin. Aurten, egun bakoitza material bati eskainiko diote, eta artisauek askotariko erakustaldiak egingo dituzte.
“Artisautza eskura” leloagaz, Euskal Dendak 18. urtea izango du aurtengoa. Gaurtik domekara zabalduko ditu ateak. Material eta teknika ugarirekin, artisautza tradizionala zein garaikidea lantzen duten 52 postu egongo dira Durangoko Merkatu plazan, goiz zein arratsalde. Baina Euskal Denda salerosketarako tokia baino gehiago izaten da: ofizioa ezagutzera emateko eta balioesteko helburua duen azoka da, bisitariak artisauen mundura hurreratzen saiatzen dena, eta, oro har, aritisautza ertz eta ikuspuntu askotatik munduari erakusteko ardura hartua duena.
Hori horrela izan dadin, urtero, ahal den neurrian, berritzaileak izaten saiatzen dira. Aurtengo nobedade gisa, dendako egun bakoitza material bati eskainiko diote, zuzeneko erakustaldien bitartez. Sarrerako gunean artisautzan ohikoak diren materialen inguruko jardunaldiak egongo dira egunero.
Horrela, abenduaren 6an, sua tarteko duten ofizioen erakustaldiak eskainiko dituzte Nafarroako Forjas Brun eta beira puztua lantzen duen Gipuzkoako Argia Badago enpresek; hurrengo egunean, buztingileen lana bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko dute Loitz Artesanía Cerámica eta Susko Zeramika enpresetako ordezkariek, eta Carmen Pérez eta Bego Rojo buztingileek; Euskal Dendako azken egunean, abenduaren 8an, egurra izango da tailerretako protagonista. Gainera, tailerretako batek egurrari benetan erabilera kuriosoa emango dio: Sondikako DPM enpresak intsektuentzako (liztorrak, tximeletak, marigorringoak…) habitat artistiko eta praktikoak egiten ditu, eta biosorkuntza tailerra eskainiko du; jarduera batzuk gaztetxoei zuzendutakoak izango dira. Zur Berri enpresak, aldiz, parte hartzaileen artean hiru hilabeteko ikastaro bat zozkatuko du.
Hamar artisau berri
Euskal Dendak hamar artisau berri ekarriko ditu; aurten etorriko dira lehenengo bider. Tartean larrua lantzen duen Elorrioko Wandel artisautza tailerra etorriko da. Iaztik hona egurragaz lan egiten duten artisauen kopuru igo egin da nabarmen. Azken urteetan ordezkaritza urria izan duen sektoreak, hamar bat postu izango ditu aurten. Horietako batzuk Euskal Dendan sekula parte hartu gabekoak dira: Jose Luis Anso nafarra eta Bizkaiko Zur Berri, esaterako, aurrerago aipatutako DPM enpresagaz batera.
Elorrioko Wandelek eskainitakoaz gainera, beste sei erakusketa izango dira Durangaldeko ordezkaritza osatuko dutenak: zeramikaren gaineko Mañariko tailer bat, Eneko Unzalu bitxigile durangarra, Zornotzako Jaialdi (jantzigintza tradizionala), Durangoko Restaurarte (2001ean postu onenaren saria irabazi zuen), Iurretako Jaio Gazta eta ehungintzaren inguruko Zamua. Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean 48 postu ipiniko dituzte. Gainerakoak, Arabatik, Lapurditik eta Nafarroa Beheretik etorriko dira.
Zozketak eta lehiaketak
Artisau despistatua lehiaketasortu zenetik harrera ona izan du beti, eta aurten ere mantendu egingo dute. Postu batek berari ez dagokion artikulu bat erakutsiko du, eta bisitariek begirada zorroztu beharko dute berau aurkitu eta lehiaketan parte hartu ahal izateko. Horrez gainera, urtero legez, aurtengo posturik onena zein iruditu zaien bozkatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Euskal Dendan gaztetxoengana heltzeko ahalegin berezia egiten dute, urtero. Horrela, gaur, Euskal Dendako lehenengo egunean, papiroflexia eta gozoki tailerrak antolatuko dituzte antolatu dituzte gazteen gozamenerako.
Eskoziako artisautzaren erakusgarri, Peter Gillies beiragilea gonbidatu dute
Euskal Dendako aurtengo herrialde gonbidatua Eskozia da. Horrela, Inverness inguruan (Highlands eskualdean) hazi eta iaztik Glasgow hirian bizi den Peter Gillies artisauak bere lanak erakutsiko ditu Durangon.
Beira du langai, eta beirateak sortzen ditu. Beirateen zaharberritze eta kontserbazio lanetan jardun du urtetan, eta bide berriak irekitzen saiatu da, orduan ikasitako teknika eta esperientzietan oinarrituta. “Teknika tradizionalak hartu, eta horiek ikuspegi garaikide batera ekartzen ahalegintzen naiz”, dio bere gilliesart.com webgunean.
Berak diseinatu, landu eta pintatzen ditu beirateak. Orain 10 urte hasi zen, eta tamaina askotakoak ditu; horietako asko etxeak dekoratzeko eginak dira. Bere lanetan sarritan agertzen dira zuhaitzak. Umetan, etxetik ikastetxerako joan-etorrietan bidelagun izan zituen baso eta zuhaitzek eragin sakona izan dute berarengan, eta ideia finko hori bere artelanetara ekarri du.
Durangora etortzeko aukeragaz “oso pozik” dagoela adierazi du. Bere lanak Eskoziatik kanpora erakusten dituen lehen aldia da. Askotan egin du horregaz amets, baina beti pentsatu izan du “herrialde elurtu eta hotz batean izango zela, Suedian, esaterako”.
Euskal Dendak nazioarteko artisauei eskaintzen dien aukera goraipatu du: “Gustatzen zait kontzeptua. Urtero herrialde bat gonbidatzea txalogarria iruditzen zait. Eskozian ere horrelako ekimenak ikustea gustatuko litzaidake”. |