Nepalera egindako bidaia batean liburu bat gustatu, eta haren itzultzaile amaitu du Mikel Azkarragak. Badu xarma berezia ‘Mitrabaneko koba’ liburuak. Eskuz egindakoa da, material ekologikoagaz. Dheeraj Nath Amatya da idazlea, eta 24 hizkuntzatara itzulita dago. Gaurtik aurrera euskaraz ere bai, Azkarragari eskerrak. Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen standean erosi ahal izango da.
Zelan sortu zen proiekturako ideia?
2012ko urrian oporretan joan ginen Nepalera. Hilabeteko oporrak izan ziren, treking bi egitera, Annapurnakoa eta Everestekoa. Treking batetik bestera Katmandun egin genituen egun batzuk, eta han denbora zelan edo halan eman behar da. Gu hango liburu-denda batera joaten ginen sarritan. Topatu nuen ipuin bat oso erakargarri egin zitzaidana, eskuz egindakoa delako. Apal batean hamar bat zeuden, hainbat hizkuntzatan: alemanieraz, frantsesez, espainolez, ingelesez... Txineraz ere uste dut badagoela itzulita. Hain egin zitzaidan erakargarri, non erosi egin nuen. Gero zera pasa zitzaidan burutik: Hau euskaraz ez badago, eta ni itzultzaile izanik, zergatik ez itzuli?
Eskuz egindakoa izateak sortu zizun interesa...
Nik ez dakit zelan egiten duten, baina azala ikusten baduzu, botoi bat ere badauka, sokatxo bategaz... Esaterako, frantsesezkoak Frantziako bandera eta Katmandukoa dauzka, eta euskarazkoari ikurrina ipini diote. Banan-banan egindakoak dira, usaina ere espeziala dauka. Orria Everesten behealdean hazten den arbola batetik ateratakoa da. Berriro hazten da, eta ez dute hango ekosistema degradatzen. Eurek horregatik esaten dute liburua ekologikoa dela.
Zelan egin zenuen itzulpena?
Handik ekarri eta itzulpena hemen egin nuen, oraindik idazleagaz kontaktuan ipini barik. Gero kontaktua posta elektronikoz egin nuen, eta esan nion itzulita neukala. Bere ardura dirua zen, baina esan nion ez zela arazo izango, azken batean nire kapritxo bat izan zelako. Han 125 ale geratu ziren; ez dakit zer edo zer saldu den. Noski, handik euskaldun gutxi agertuko dira, eta, gainera, topatu egin behar da bere denda. Hemen saldu ditut batzuk, eta Jose Antonio Azkorbebeitiari eskerrak, Durangoko Azokan Gerediagako standean egongo da salgai.
Zer kontatzen du ipuinak?
Ez da ipuin tradizional bat, ahoz aho transmititu dena. Idazleari otu zitzaion. Oihan batean familia gisa bizi diren animaliak dira protagonistak. Momentu batean, batzuei okerkeri bat egitea bururatzen zaie. Horren aurrean, animaliak batu egiten dira, euren segurtasuna bermatzeko, bakean bizi daitezen. Hori bai, idazlea izango banintz, beste ikuspuntu bat emango nioke; zigorraz baliatzen direnez, azkena apur bat gordina da. Baina ni itzultzailea naiz, eta ezin dut hori aldatu. Balio batzuk erakusten dira: elkartasuna, laguntasuna... Baina nik puntu hori topatu diot. Gurasoekin batera irakurtzeko liburua da, adibidez, edukiak komentatzeko.
Beste libururik itzuli izan duzu?
Ez. Beste liburu bat ere ekarri nuen, luzeagoa, baina ez dut astirik izan.
Baina itzultzaile beharretan zabiltza, ezta?
Bai. Bikoizketa etxe baterako egiten dut lan, ETB1erako, batez ere. Protestan gabiltza, ez dagoelako apenas beharrik. ETBko programa arduradunei-eta ez dielako ardura edo... Esango nuke galdu egingo dela. Umeentzako, euskararen trasnmisiorako, oso garrantzitsua da. Doraemon eta horiek guztiak zahar-zaharrak dira, eta horrekin dabiltza programazioa betetzen. Batez ere, marrazki bizidunak eta dokumentalak itzultzen ditut. Baina oso material gutxi ailegatzen da; esaterako, aurten ez dut ia dokumentalik itzuli. Material pilo bat daukatenez lehendik, ez dute dirurik gastatu gura berria egiten. Umeek zer egiten dute? Bada, umeak ez dira tontoak, eta konturatzen dira zaharra dela, eta Clan bezalako gaztelaniazko kateetara jotzen dute. Eta ez dute euskaraz telebistarik ikusten.
Zer da zuretzako Azoka?
Azoka beti izan da erreferente bat. Ez bakarrik irakurzaleontzat eta idazleentzat, jende guztiarentzat baizik. Gerediaga Elkarteak lan izugarria egin du euskararen eta euskal kulturaren alde. Niri egia esan gustatuko litzaidake egunen batean norbere liburua han balego.
Zelan bizi izaten dituzu Azokako egunak?
Ni ahalegintzen naiz urtero joaten. Inoiz gertatu da asteburu pasa ere joatea, baina saiatzen naiz hemen egoten eta egun pare batean bisita egiten, eta giroa bizitzen. Ezer erosi ez arren, giroa espeziala da. Eta Durangoko batentzat –ni ez naiz durangarra–, are gehiago. Harro egoteko modukoa da.
Kanpotik datozenentzat baduzu aholkurik?
Nik neuk, behintzat, azoka bera ikusteko, gurago izaten dut bakarrik joan. Osterantzean ez duzulako disfrutatzen, edo ez duzulako ikusten zuk gura duzun moduan. Barruan, bakarrik ibiltzea gustatzen zait. Eta, gero, hortik kanpo, lagunekin nahi izaten dut trago bat edo hartu.
Liburu edo disko jakinen bat erosteko asmorik aurten?
Inoiz eduki dut liburu konkreturen bat erosteko asmoa. Baina oraingoan, ea zer topatzen dudan. Ideia bategaz zoaz, eta liburu bategaz barik dozena-erdigaz irteten duzu. Iaz horrela irten nuen. Batzuk apalean geratzen dira, baina beno. Musika ez dut hainbeste erosten, batez ere, liburuetara joaten naiz.