‘Biarnoko euskaldunak, historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean’ liburua aurkeztuko du Berrizen bizi den Phillipe Etxegorrik, zapatuan, Azokan.
Zelan sortu zitzaizun liburu hau idazteko ideia?
Duela 5-6 urte hasi nintzen liburua idazten, baina datuak eta argibideak biltzeko lanean askoz lehenago hasi nintzen: duela 10 urte inguru. Baina aurretik banuen datu-base pertsonala.
Zer datu-base mota?
Osabak eta biok elkarri euskaraz idazten genizkion gutunak. Bera izan zen lehenengo iturria. Biarnoko mugan bizi zen bera, eta ni Frantziaren iparraldean nengoen ikasten. Hamarkada batez idatzi genion elkarri, osaba hil zen arte. Oso euskara aberatsa zeukan, eta, gure lurraldean euskara galtzekotan zela oharturik, erabaki nuen datu linguistiko horiekin lanean hastea.
Biarnoko euskararen gainbeherak eraman zintuen, beraz, ikerketa sakontzera?
Bai. Hala ere, euskara kili-kolo dago Iparralde osoan, eta leku askotan modu larrian egin du behera. Biarno Euskal Herri ofizialaren parte ez denez, are zailagoa da euskararen egoera. ç
Zer moduzko harrera izan du liburuak?
Harrera ona eduki du. Irakurri dutenen berbetan, aski berritzailea baita. Tokian tokiko datuak eman ditut, eta datu horiek egoera orokorrarekin lotu ditut. Historia txikia historia orokorrarekin lotu dut. Bi parte dauzka liburuak: historikoa eta soziolinguistikoa batetik, eta hizkuntzei dagokiena, bestetik.
Zein sasoi historiko barne hartzen du liburuak?
Eskiula XIV. mendean sortu zen, eta nire azalpenak milagarren urtearen inguruan hasten dira: Zuberoako eta Biarnoko biztanleriak sortu zirenean. Gero, bien arteko elkarrekintzak azaldu ditut, eta, ondotik, Zuberoako jaun batek hango herritarrak Eskiulako lurretara nola etorrarazi zituen ere kontatu dut.
Eskiulako euskararen egoera da liburuaren ardatza?
Biarnoko euskaldunez dihardut, bai: Eskiula inguruan bizi diren euskaldunez.
Zein da euskararen egoera Eskiula inguru horretan?
Eskiulan biztanleen erdiak badaki euskaraz, baina Iparraldeko beste lekuetan bezalaxe, ongi dakitenak zaharrenak dira: gazteen %10ak daki euskaraz, eta zaharretatik gehienek. Zenbat eta gazteago, orduan eta gutxiago egiten dute euskaraz. Egoera latza da. Esaterako, lehen euskaldun gehiago zeuden Eskiulan Zuberoako Barkoxen baino, baina orain alderantzizko egoera dugu. Argia da hezkuntzaren eragina horretan: Barkoxen badute eskola elebiduna, eta irakasten zaie bai frantsesez, bai euskaraz; eta Eskiulan, aldiz, ez.
Biarnoarra duzu familia, baina azken urteetan ez zara bertan bizi izan, ezta?
Aitaren familia osoa bertakoa da. Ni, Frantziako leku askotan bizi izan naiz.Ondoren, Espainian ere bai, eta, orain, Durangaldean. Nerabezaroan gerturatu nintzaion euskarari: prozesu pertsonal bat izan zen.
‘Biarnoko euskaldunak’ liburua eskuratu gura duenak, non izango du aukera Azokan?
Gerediaga Elkartearen erakustokian izango da salgai, eta gaur, 16:00etan, Areto Nagusian egingo dudan aurkezpenera ere eramango ditut ale batzuk.