Azokako lau egunetan egingo dituzte aurkezpenak EKAI Center ekonomia aholkularitzako kideek. Adrian Zelaia durangarra ere bertan izango da.
Aldundietako eta Jaurlaritzako kideekin batera, erakundeekin dituzuen programa batzuk aurkeztuko dituzue. Zein ekarpen nabarmenduko zenuke?
Gai ugari daude. Zapatuan tokiko garapenari buruz egingo dugu berba, eta hori estrategikoa da. Barikukoa, Gipuzkoako politika sektorialena ere garrantzitsua izan daiteke aurrerantzean.
Tokiko ekonomia landuko duzue zapatuan, euskararen ikuspuntutik. Zer landuko duzue?
Ekonomia ez da gauza abstraktu bat; denon artean egiten dugu, eta pertsonentzat garrantzitsuak diren gaiak garrantzitsuak dira ekonomiarentzat ere. Euskararen kasuan, euskara nahiko baztertuta egon da enpresa munduan, desoreka historiko bat dago. Gizarteko beste alorretan baino aurrerapauso gutxiago egin ditu euskarak enpresa arloan, eta orain dela gutxi hasi da lantzen. Tokiko enpresetan edota udaletan euskara kontuan zelan hartu edukiko dugu berbagai.
Testuinguru ekonomikoa dela-eta, ekonomia politiketan bide berriak zabaltzen dabiltza Euskal Herrian?
Nik ezetz esango nuke. Nik uste dut, oro har, Euskal Herrian babeserako jarrera bat hartu dugula. Murrizketekin jokatzen ari gara, aurrekontu politikekin, baina gure ustez, askoz jarrera erasotzaileagoa, aurrerakoiagoa hartu beharko genuke, gure egitura ekonomikoa berrindartzeko, hezkuntzaren aldetik eta berdin ekipamendu teknokologikoaren aldetik.