Kabi@ gunean hezkuntza arloko eta kultura arloko hainbat egitasmoren berri emango dute.
“Euskal kultura digitala sustatzea da helburua, software eta ezagutza librean oinarrituta”. Horrela laburtu du Gorka Juliok Kabia@ gunearen helburua. Informatikaria da Julio, eta Maite Goñi irakasleagaz batera ibili da egitaraua antolatzen. Egitarau aberatsa da bertakoa, sortzaile digitalen proposamenei zabalik izan baitute egitaraua.
Ekimenak erakusteko tarte gehienak bete direla nabarmendu du Gorka Juliok. Goizetan tailer estiloko proposamenak eskainiko ditu Kabi@k, eta arratsaldez, hitzaldi laburrek edukiko dute lekua. Julioren berbetan, hezkuntzarekin lotutako proiektu ugari daude –lehen egunean berbagai izango dituztenak–, eta azpimarratu du kulturagaz zerikusia duten ekimen ugari egongo dela aurten Kabi@n: hedabideen paperari buruzko hitzaldia Marijo Deograciasekin, Larrabetzu #Eskura agenda kulturala, Lou Topet musika taldearen mugikorrerako aplikazioa, azpitituluak.com ikusentzunezkoen munduari lotuta...
Gazteak eta sare sozialak
Teknologien garapenarekin batera doaz euskarazko produktu digitalak, eta horregatik, aurten, Kabi@n lekua izango dute sare sozialei buruzko edota mugikorretako aplikazioei buruzko ekimenek.
Sare sozialei dagokienez, Jara Live gazteentzako komunitateari buruz berba egingo du, esaterako, eguenean, Jasone Osoro idazle eta ekimenaren egileak. Koldo Bizkarguenak, bere aldetik, Euskal nortasunaren eraikuntza sare sozialetan eta gazteen artean izeneko tesia idatzi du, eta haren berri emango du abenduaren 7ko itxiera hitzaldian.
Ikasi, norberak egiteko
Edukiak eta ekinbideak partekatzea da gune honen helburu nagusia, eta horregatik software librea bultzatuko dute Kabi@n: “Norbaitek zerbait sortu badu, hori nolabait baliatu ahal izatea nahi dugu”. Helburu horregaz, abenduaren 6an, irrati edo hedabide libre bat zelan sortu daitekeen azalduko du Beñat Jimenezek arratsaldeko saioan: “Dauden softwareekin, jakintza gutxi eduki arren, horrelako egitasmoak aurrera ateratzeko moduak badaude”.
‘Euskara’ eta ‘krisia’, tabu
Iazko moduan, aurten ere tabu hitzaldiak izango dituzte Kabi@n. Hitzaldi laburretan esan ezin diren hitz bi izango dituzte: euskara eta krisia. Iaz lehenengoz egin zutenean, euskara zen hitz tabua. Aipatzen duenari, paperezko bolak botatzen dizkiote. “Nahita kendu nahi ditugu, hitz horiei buruz asko hitz egiten dugulako egunero, eta euskaraz hitz egin nahi dugu, baina euskara aipatu beharrik gabe, naturaltasun osoz egiten dugulako”. Krisia hitzaldietatik kentzeak baikortasun ukitua emateko balioko du, Julioren ustez: “Badakigu krisia hor dagoela, sortu egin digutelako, baina ez dugu nahi krisiaren bueltan ibili, baikorki egin gura dugu berba”.