Ikus-entzunezkoen plaza den Irudieneak kokapen berria estreinatuko du

Anboto 2013ko abe. 5a, 12:30
Zugaza zinema aretoan kalitate handiagoagaz gozatu ahal izango dira aurkeztutako produkzioak

Zugaza zinema aretoan kalitate handiagoagaz gozatu ahal izango dira aurkeztutako produkzioak.

 

Ikus-entzunezkoez euren gune naturalean gozatzeko aukera eskainiko du aurten Durangoko Azokako Irudieneak. Pauso berri bat eman du ikus-entzunezkoen plaza denak 48. edizio honetan, eta Zugaza zinema aretora lekualdatuko da. Horrela kalitate handiagoagaz gozatu ahal izango dira bertan aurkeztuko diren euskarazko ikus-entzunezko produkzioak: 12 film luze, 14 film labur eta lau bideoklip eskainiko dituzte Irudienean.

 

Durangoko Azokatik 110 metrora du lekua, aurten, Irudieneak. Azokako arduradunek aspaldian bueltaka darabilten ideiaren ondorioa ere bada lekualdaketa: “Helburua izan da Azoka herrira bertara zabaltzea, herritarrengandik hurbilago egon dadin, eta horri erantzun guran egokitu dugu Irudienea Zugaza zinema aretoan”, azaldu du Arrate Illarok.

 

Aukera zabala

Proiekzioez gainera, mahai-inguruak, sortzaileekin solasaldiak, filmen aurkezpenak eta bestelako jarduerak eskainiko ditu Irudieneak. Euskara jendea, Izan pirata, Road to Memphis eta Euskal Herriko nonbait dokumentalak aurkeztuko dituzte, eta, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak Loreak errepidean film berriaren aurrerapena ekarriko dute. Laburbiraren eskutik, berriz, film laburren aukera zabala egongo da.

 

Goenkalek 20 urte bete dituela-eta Help!, Socorro! Lagundu! Goenkale TV Movie-aren estrenaldia ere egingo dute Zugazan. Telesaileko aktoreak etorriko dira, eta, Olatz Beobide zuzendariak Begiradaren atzeko aldean mahai-inguruan parte hartuko du, zapatuan.

 


 Irudiari euren ahotsa ipiniko diete gaztetxoenek

 

Cameron Diaz eta Jhonny Deep aktoreei ahots euskalduna ipintzen dieten aktoreekin egoteko aukera izango dute Euskal Herri osotik hurbildutako 100 bat gaztetxok Irudienean antolatutako bikoizketa tailerretan. Era berean, aurrean izango dute Shin Chan marrazki bizidunetako Hinawari pertsonaiari ahotsa ipintzen dion bikoiztailea. Gainera, gaztetxoek eurek ere protagonista izateko aukera edukiko dute, irudiari euren ahotsa ipintzeko aukera edukiko dutelako. Ikasleen egunagaz zabaldu dute Azoka.

 

Gazteenei zuzendutako programazio zabalarekin indarberritutako eguna. Arrate Illaroren berbetan, “iaz umeengandik jasotako harrera onagaz, errepikatzeko gogoz geratu ginen, eta, aurten, gazteengan pentsatu dugu, erakarriko ditugulakoan”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!