"Arestik poesia argia egin zuen indarrik galdu barik"

Anboto 2013ko abe. 7a, 08:40

\'Gabrielen lekua\' disko-liburuko testu bat Paddy Rekaldek idatzi du

‘Gabrielen lekua’ disko-liburuko testu bat Paddy Rekaldek idatzi du.

 

Gabriel Arestiren gaurkotasuna aldarrikatzen duen Gabrielen lekua disko-liburua salgai egongo da Durangoko Azokan. Gabriel Aresti elkartearen bidez argitaratu den lanak Arestiren hitzak, Rafa Ruedak musikatutako poemak eta hainbat idazlek Arestirekiko duten ikuspegia batzen ditu, besteak beste. Idazle horietako bat Paddy Rekalde da (1964, Bilbo; Durangon bizi da). Denei galdera banaren inguruko hausnarketa eskatu zieten: Zer eragin izan zuen Gabriel Arestik zugan?

 

Rekalderen gogoetak Aresti gurea, poemetan bizi zarena du izena. Bere ustez, indarra eta gertutasuna aurkitu zitezkeen Arestiren poesian: “Testuan bere poesiaren indarra eta gertutasuna azpimarratu ditut. Poesia argia egin zuen indarrik galdu barik, eta horrek, neurri batean, jendea poesiara erakarri zuen. Bere poesia ez zen itxia edo hermetikoa, irakurlea ez da gelditzen idazleak nondik jo gura duen ez dakiela”.

 

Arestik herritarrengana heldu gura zuen, eta horregatik zen bere mezua argia eta ulergarria: “Bere poesia eta bere lana errealitate sozialarekin oso lotuta egon zen. Berak orokorrean ez zuen lore jokorik egin, poesia ez zuen zentzu estetiko huts batean ulertzen. Poesia gogoetak eragiteko tresna gisa erabili zuen, jendeari pentsarazi egin gura zion”.

 

Poesia ulertzeko eta erabiltzeko modu horretatik ere ikasi du Rekaldek: “Nik oso modu narratiboan idazten dut, emozioak ahalik eta argien azaltzen saiatzen naiz. Garbitasun hori mantentzen saiatzen naiz, indar eta emoziorik galdu barik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!