‘Joan ziren’ zikloko laugarren eleberria da ‘4X4 operazioa’. 1968an Derioko seminarioan 70 bat abadek egindako itxialdia erdigune duela, kontakizun kolektibo baten narrazioa egin du. Gaur izango da Durangoko Azokan, liburua sinatzen.
Gogor apaiz mugimendukoek itxialdi sonatua egin zenuten.
Frankismo katoliko-nazional ereduaren barruan, estamentu klerikalaren matxinada kolektibo bat izan zen. Talde handi baten ordezkari gisa egin genuen itxialdia.
Gertaera hori da eleberriko erdigunea?
Gertaera inportantea izan zen, eta nobelako gai nagusia da. Baina itxialdia hilabete bateko kontua izan zen, eta gertakari horretatik salto asko egiten ditut 1965etik 1971ra arteko urteetan jazotako beste gertakari batzuetara. Gai zentralagaz hari bat eginda, beste hainbat gai ere badaude. Esate baterako, orduko udalatxe askotako udalbatzak herriko jaietako meza nagusira bandera nazionalagaz joaten ziren, eta gertaera hori ere badago. Horrekin batera, beste hainbat: orduko grebak, Italiara eta Erromara egindako bidaiak… Beraz, gai zentralaren inguruan beste hainbat agertzen dira.
Aurreko eleberrian –‘Olatu bat koartelen gainetik’– gai bera jorratu zenuen, baina pertsonaia nagusiaren ikuspegitik.
Eleberri horretan lehentasuna niari eman nion, narratzailea pertsona baten esperientziaren baliatuta ari zen kontaketa egiten. Oraingoa, kontakizun kolektibo bat da. Narraziorako behar denean nitasuna ere sartzen dut, baina narrazioan gu-a da nagusiki agertzen dena. Gertakizun baten narrazio kolektiboa da.
Idazkeran aurrekoen bidetik jo duzu?
Elkarrizketa gehiago daude, eta gertaerek eta narrazioak beste abiadura bat dute. Euskara Batuaren bigarren jaiotzan –2010ean argitaratu zuen saiakera– erabili nituen kriterioen arabera idatzi dut. Hizkuntzak konplexutasun apur bat ere badu, baina ez aurreneko bi eleberrietan beste.
Eleberriaren harira, hitzaldi sorta ere eskainiko duzu, ezta?
Bai. Abenduaren 8an, Ahotsenean aurkezpen solasaldia izango dut, 17:00etan. Ondoren, abenduaren 12an, 19:30ean Eibarko Arrate kultur elkartearen egoitzan egongo naiz, eta abenduaren 19an, 19:00etan, Larrabetzuko Angulerin.
‘Joan ziren’ zikloko hurrengo nobelan zein izango da gaia?
Hurrengoa kartzelan egon ginen sasoiko kontuei buruzkoa izango da. Kartzelako bizitzak askorako ematen du, eta horren inguruan izango da. Horrekin batera, orduko Euskal Herria ere agertuko da.