"Poesia idazteak badauka xarma berezia niretzat"

Anboto 2013ko abe. 6a, 08:30

Haur eta gazte literaturako Euskadi saria jaso du Xabier Olasok. Gaur Saguganbaran egongo da

\"\"Haur eta gazte literaturako Euskadi saria jaso du Xabier Olasok. Gaur Saguganbaran egongo da.

 

Hasteko, zorionak Euskadi sariagatik! Zer garrantzi izan du zuretzat saria jaso izanak?

2005. urtean irabazi nuen lehenengoz Euskadi saria haur eta gazte literaturaren esparruan, Pupuan trapua poema-liburuarekin. Halakoak bizitzan behin baino gertatzen ez zirela pentsatzen nuen, eta, oraingoan, berriro ere jasotzean, poz handia sentitu dut. Bultzada handia da; batetik, Tximeletrak lanak, ziur aski, oihartzun handiagoa izango du. Baina, batez ere, norberarentzat da garrantzitsua, idazten eta gauza berriak sortzen jarraitzeko adorea ematen dizulako.

 

‘Tximeletrak’ liburuagatik eman dizute saria. Zer dauka liburu horrek zuretzat berezi?

Liburu jostagarria da, poema askok olgetarako modua ematen dute, onomatopeiak, hitz-jokoak, erritmoa, errima, musikaltasuna eta bestelako bitartekoekin. Ozen irakurtzeko moduko poemak direla esango nuke.

 

Liburuan euskal literatur tradizioa eta berrikuntza uztarketzen direla goraipatu zuen epaimahaiak. Zer dauka tradiziotik eta zer berrikuntzatik?

Euskarak berez dituen haur hizkuntzaren baliabideak ditu tradiziotik, eta, bestalde, poema batzuen egikera berrikuntzatik. Poema batzuen formari erreparatu diot oraingoan. Bada eskuin-ezker irakurri behar den poemarik, Karramarroarena, kasu. Bada, bestalde, behetik gora irakurtzen den poema bat, Mendian gora izenburuduna. Bada, atalka, goitik behera eta behetik gora irakurtzen den beste poema bat, Zaldiko-maldikoan deitzen da, eta zaldiko-maldikoaren gorabehera hori jaso nahi du poemaren formak. Era berezi samarrak dituzten bestelako batzuk ere badira.

 

Helduentzako poesiak eta haurrentzako poesiak, ipuinak eta igarkizunak idatzi dituzu zure ibilbidean. Genero bakoitzaren zer ezaugarri duzu maiteen?

Poesia oso gustuko dut, berdin helduentzat zein haurrentzat idatzita egon. Erronka handia da hizkuntza ekonomia erabilita albait gehien komunikatzea, zehaztasun punttu hori topatzea, zirrara hori lortzen saiatzea. Poesia idazteak badauka xarma berezia. Igarkizunek, bestalde, badaukate asko poesiatik, erritmoa, errima, zehatz esatea baino iradokitzea… Bestalde, ipuinak idaztea ere ariketa ederra da, bestelako egokiera eskatzen du. Ipuin biribil bat idaztea eta hari muturrak ondo lotzea erronka handia da. Bukaeran, egikeran asmatzen baduzu, sekulako poza ematen dizu txukun bukatuta ikusteak, ilustrazioek biziturik.

 

Asteon ‘Auskalo!’ libururaren berrargitalpena aurkeztu duzu. Durangoko Azokan ere aurkeztuko duzu?

Bai, halaxe da. Auskalo (Igarkizun eta aho-korapiloak) liburua 2001. urtean plazaratu zen lehenengo aldiz, Pamiela argitaletxearen eskutik. Harrera oso ona izan zuen, eta aspalditxoan zegoen agorturik. Ale bat bera ere ez. Oraingoan, Klis-klasikoak bilduma dotorean berrargitaratu dute, Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea izan dira eragile nagusiak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak babestuta irten da. Liburu honen aurkezpena abenduaren 2an egin zen, Donostian, eta, beraz, ez da bigarren aurkezpenik izango Durangon. Hala ere, salgai izango da Azokako Pamiela argitaletxearen saltokian.

 

Ohitura daukazu Durangoko Azokara etortzeko?

Bai, urtero egiten dut bisita; batzuetan, plazaratzen dudan libururen batek aginduta, eta, beste batzuetan, nire kontura. Aurten ere bertan izango naiz egun batean, behintzat, Pamielako saltokian nahi duenari liburuak sinatzen, eta Saguganbara haur-esparruan haurrei zuzenduriko jarduera bat egiten.

 

Zer ari zara orain idazten?

Haurrentzako ipuin-liburu bat daukat labean sartuta. Ziur aski, otsailerako plazan izango da. Txuntxurrun berdeko animalien kontakizunak deituko da, eta, bistan denez, animaliak izango dira ipuinetako protagonista nagusiak. Beste hainbat gauza ere baditut esku artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!