‘Noctis Labyrinthus’ proiektuan kide izan duten Segun Lazkano argazkilaria omenduko dute Angoitiak eta Arruabarrenak.
Noctis Labyrunthus argazki erakusketa izango da ikusgai, abenduaren 5etik 8ra, Durangoko tren-geltoki zaharrean. Udan, Elorrioko Musikaire jaialdiaren barruan erakutsi zuten Noctis Labyrinthus lehenengoz, “ilunari begiratzeko hiru modu” batuta.
Ibilbide oparoa duten Durangaldeko hiru argazkilariren lanak biltzen ditu erakusketak: Txelu Angoitiaren Angst, Segun Lazkanoren Ero eta Jesus Mari Arruabarrenaren Moo.
Azaroaren 18an hil zen Segun Lazkano, Angoitiaren eta Arruabarrenaren kide eta laguna, eta hari “omenaldia” egin gura diote Durangoko Azokako erakusketa honegaz. “Asteon, erakusketa muntatzen ibili garenean ere oso nabaria egin zaigu Segunen falta”, diote argazkilariek, “baina bere argazkien bitartez oso presente daukagu”.
Gaur arratsaldez zabalik izango da erakusketa, 17:00etatik 20:00etara; eta goiz eta arratsaldez (11:00-14:00 eta 17:00-20:00) abenduaren 6tik 8ra.
Ardatz beraren ingurukoak eta elkarren osagarri dira Noctis Labyrinthus proiektuko Angoitiaren, Arruabarrenaren eta Lazkanoren lanok: gainbeheraz, tristuraz, indarkeriaz, zoramenaz edota heriotzaz dihardute, bakoitzak bere eran. Erakusketa bisitatzea ikuslearentzat esperientzia berezia izatea nahi dute, eta leku bereziak aukeratu dituzte, horregatik, erakusketa ipintzeko: artistek helarazi gura duten ezinegon sentsazio hori areagotzen laguntzen duten espazioak aukeratu dituzte.
Txelu Angoitia argazkilari durangarrak azaldu du erakusketa geltoki zaharrean egitea erabaki dutela “eraikin zaharra delako, laster bota egingo dutelako, eta eraikinari ere despedida egiteko modua” delako. Argiztapen berezia prestatu dute geltokian, eta hormak ere modu berezian atondu dituzte. Giro “hotza eta isiltasuna” igarriko ditu Durangoko tren-geltoki zaharrera bertaratzen denak.
Noctis Labyrinthus liburu bildumaren bigarren edizioaren aurkezpena ere egingo dute, gainera, egunotan, Durangoko Azokan. Abenduaren 6an, 17:30ean.
Blogaren aurkezpena
Noctis Labyrinthus proiektuko argazkien proiekzioa eskainiko dute Areto Nagusiko biharko ekitaldi horretan, eta beste bi egitasmo ere aurkeztuko dituzte bertan: Interneteko www.noctisphoto.tk helbideko bloga, eta autoedizioari buruzko webgunea. Blogean, erakusketak zein bertako argazkiek iradokitzen dietenari buruz idazteko gonbita luzatuko diete idazleei.