Barikuan Joseba Jakaren oroimenezko lasterketa antolatuko du Durango Kirol Klubak.
Joseba Jakaren oroimenezko herri lasterketa antolatuko du barikuan Durango Kirol Klubak. Aurtengoa hamaikagarren aldia izango da, eta, lehenengoz, Durango Kirol Klubak hartu du antolaketaren ardura. Ezkurdin hasi eta amaituko da lasterketa, eta sei kilometroko ibilbidea diseinatu dute. Lasterketaren erdian hornidura puntu bat ipiniko dute.
Gaztetxoetatik hasi, eta Master mailetara arteko parte hartzaileak egongo dira irteera puntuan. Lehenengo, 10:30ean, eskola kiroleko adina duten gaztetxoen txanda izango da. Ondoren, 11:30ean, nagusien mailako lasterketa hasiko dute. Parte hartzaileak hiru mailatan banatuko dituzte: maila absolutua, gazteen maila (1995-1998 urte artean jaiotakoak) eta beteranoak, azken horiek adinaren arabera hiru azpi-mailatan banatuta. Emakumeetan eta gizonetan lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak.