Kameratoiak gazte euskaldunen sormena sustatuko du Irudienean

Anboto 2013ko abe. 6a, 08:30

Topaguneak Kameratoia Durangon antolatzen duen lehen aldia da; gaur, 11:00etan, jakinaraziko dituzte oinarriak, domekan sari banaketa egiteko

Topaguneak Kameratoia Durangon antolatzen duen lehen aldia da; Bihar, 11:00etan, jakinaraziko dituzte oinarriak, domekan sari banaketa egiteko.

 

Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia ikus-entzunezko rallya antolatzen duen bederatzigarren aldia da aurtengoa, eta, lehenengoz egingo dute Durangaldean, abenduaren 6tik 8ra, Azokako Irudienea gunean.

 

Lehiaketaren helburuak gazte euskaldunen sormena bultzatzea, eta, ondoren, ekoizpen artistiko hori gizarteratzea dira. Parte hartzaileei abenduaren 6an, 11:00etan, Irudienean jakinaraziko diete film laburra lantzeko gaia zein den. Aurten gune hori Durangoko zinema dagoen tokian kokatu dute. Landakotik 150 metro ingurura egongo da Irudienea. Informazio osoa jasotzen duten unetik aurrera, aurretik izena eman duten parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte irudiak grabatu eta editatzeko. Abenduaren 8an, 11:00etan, entregatu beharko dute lana.

 

Rallyan parte hartu ahal izateko baldintzetako batzuk honako hauek dira: 18 eta 35 urte artean izatea, eta berori lantzeko azpiegitura teknikoak norberak ipintzea. Ikus-entzunezko lanei dagokionez, 3 eta 8 minutu artean izan beharko dituzte, eta aurkezpen ekitaldian adierazitako hiru ezaugarri, gutxienez, islatu beharko ditu. Hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa da, eta, ahozkoa zein idatzizkoa, euskara hutsean eginda egon beharko du. Webgune bat ere sortu dute edozein zalantza argitzeko: www.kameratoia.com.

 

Sari banaketa

Sari banaketa abenduaren 8an, 18:00etan, egingo dute Irudienean. Arte eta kultura munduko profesionalek osatutako epaimahaiak hiru sari banatzeko ardura izango du: irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 eta hirugarrenak 600 euro.

 

Antolatzaileen esanetan, gazteek urtero erakusten dute irudimena eta trebetasuna badutela sorkuntzaren arloan. Urtetik urtera rallyra aurkezten dituzten sorkuntzak gero eta hobeak direla adierazi dute, bai teknikoki, bai edukiari dagokionez. Durangoko Azokaren harira, Kameratoia Durangaldean egingo duten lehenengo aldia izango da. Aurrekoak Gernikan, Uribe Kostan, Ermuan, Bermeon, Donostian, Elgetan, Aiaraldean eta Eibarren izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!