Ikasleen eguna berreskuratu dute

Anboto 2013ko abe. 5a, 08:49
Azokako gune bakoitzak ikasleei zuzendutako programazioa prestatu du abenduaren 5erako

Azokako gune bakoitzak ikasleei zuzendutako programazioa prestatu du abenduaren 5erako.

 

Durangoko Azokak Ikasleen eguna berreskuratu du aurten. Abenduaren 5ean publiko orokorrarentzat eta ikasleentzat zabaldu ditu ateak Azokak. Iaz, azokaren lehenengo eguna jai eguna izanik, ezin izan zuten egun hau antolatu. Aurten, azokako standetan bisitaldia egiteaz gainera, edukiz betetako programazioa aurkituko dute ikasleek azokako gune guztietan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ikastetxeen aldetik erantzun “oso ona” izan dute. Aurreratu dute 40 ikastetxek baino gehiagok eman dutela izena, nahiz eta, 22rentzako lekua izan. Guztira, 950 gaztek parte hartuko dute Ikasleen eguneko ekintzaren batean.

 

Plateruenak euskal musikagintzako abesti ezagunekin osatutako kontzertua antolatu du. Gainera, agertokian ipinitako pantaila erraldoi batean, autore eta abeslarien elkarrizketak ikusgai izango dituzte.

 

Berbaro elkarteak Ikasleen egunerako idazle eta kazetari paperean jarriko ditu ikasleak Saguganbaran. Yolanda Arrieta nobelagileak fikziozko literatura sortzeko Egun batez idazle tailerra jarriko du martxan, eta Anboto astekariak Egun batez kazetari tailerra zuzenduko du. Goizean parte hartzen duten gazteek Fernando Morillo idazlea elkarrizketatuko dute, eta arratsaldeko txandakoek, berriz, Esne Beltza musika taldeko kideak elkarrizketatuko dituzte.

 

Ahotsenean, ikasleek Jon Arretxe idazlearekin eta EH Sukarra taldearekin izango dute solasaldia. Irudienean, aldiz, euskarazko film baten bikoizketari jarraipena egingo diote. Profesionalen laguntzarekin, elkarrizketa batzuk bikoizteko aukera izango dutela azaldu dute arduradunek. Eta emaitza pantaila batean ikusteko aukera izango dute.

 

Eszenatokian, gazteek antzezlan baten atzeko aldea ezagutuko dute, aktore eta teknikariek lan zelan egiten duten ezagutzeko.

 

Areto Nagusian, Miren Gonzalezek ilustrazio tailerra gidatuko du. Orrialde bat maketatzen ikasiko dute gazteek, collage teknika erabilita. Eta Kabi@n bakoitzak bere webgunea sortzen ikasiko du, eta baita bideoak editatzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!