Saguganbara, azokako txiki eta handien plaza

Anboto 2013ko abe. 5a, 14:00

Berbaro euskara elkarteak, transmisioa landu guran, gurasoentzako ekintzak antolatu ditu

Berbaro euskara elkarteak, transmisioa landu guran, gurasoentzako ekintzak antolatu ditu.

 

Berbaro euskara elkarteak ia hamarkada bi daramatza Durangoko Azokan Saguganbara antolatzen. Ume eta gazteengan euskarazko irakurzaletasuna piztea dute helburu. Irakurle txikien interesa bultzatzeko ekintzak antolatu dituzte bai areto txikian, baita areto handian ere. Gainera, Azokan publiko txikia merkatu handi bilakatu dela ezin daiteke ahaztu. Beraz, hainbat liburu aurkezteko tartea ere izango dute.

 

Saguganbarak eskaintza zabala prestatu du egunotarako. Oihane Barrueta Saguganbarako arduradunak azaldu duenez, “aurtengo nobedadeetako bat, transmisioa familian lantzeko aukera eskainiko dutela izango da”. Beraz, haurrak helduekin joan, eta tailerretan familia osoak parte hartzeko aukera izango du. Juan Cruz Igerabide idazleak eta Juan Carlos Alonso psikologoak gidatuko dituzte tailerrak.

 

Kantu-jolasa

Berbarok antolatzen dituen udalekuetara doazen gurasoen eskaritik sortu da kantu-jolasen proiektua. “Umeekin jolasteko eta kantatzeko baliabiderik ez dutela adierazi digute guraso askok, eta hutsune hori betetzera dator kantu jolasa”, dio Barruetak. Urte osoan ikastaro hau eskaintzea gura dute, eta azoka proba egiteko une polita izan daitekeelakoan daude. Gainera, Durangoko Azokan kantu-liburu asko kaleratzen direla ere aprobetxatu dute horretarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!