Leku berria estreinatuta eta arrakastan goraka dator aurten Ahotsenea

Anboto 2013ko abe. 5a, 10:56
Sortzaileei izena emateko aukera eman eta 48 ordura itxi zen egitaraua; Landakoren atzealdean egongo da

Sortzaileei izena emateko aukera eman eta 48 ordura itxi zen egitaraua; Landakoren atzealdean egongo da.

 

Landako Gunearen atzealdean, Montevideo etorbidearen ondoan egongo da aurten Ahotsenea, sortzaileen gunea. Trenbidea lurperatuta, Alde Zaharragaz lotura zuzena edukiko du Durangoko Azokak, eta bide horretan kokatuko da Ahotsenea, Irudienearen antzera. Leku berria estreinatuko du, eta bere arrakasta goraka doala egingo du, gainera. Izan ere, sortzaileei bertan apuntatzeko aukera eman, eta 48 ordura itxi zen egitaraua. Seigarren edizioa da, eta halakorik ez da inoiz gertatu”, esan du Ahotseneako arduradun Gotzon Barandiaranek.

 

Aurreko urteetan ere egun batzuk lehenago bete izan dute programa, baina aurtengoa berezia izan da. Irakurle eta musikazaleei norbere lana erakusteko gune aproposa den seinale. “Pena da batzuk kanpoan geratu zaizkigula”, dio idazle larrabetzuarrak. Batzuei Areto Nagusian eta Plateruenean egingo diete lekua. Aurten, guztira, 80 emanaldi inguru eskainiko dira bertan.

 

Barandiaranek azaldu du lekuz aldatzea ona dela, Azokarentzat ona delako.Koordinazio mahaian erabaki zuten Azoka Durango osora zabaltzeko prozesuari ekitea, eta aldaketa erabaki estrategiko horren barruan ikusten du Barandiaranek. Karpa berbera ipiniko dute, baina espazio gehiago edukiko dute antolaketarako.

 

Ahotsenean eskainiko den guztia kontuan hartuta, Euskal Herriko sortzaileen emariaz berba egin du Barandiaranek: “Sorkuntzan eten barik ari gara Euskal Herrian”. Aurreratu du era askotako aurkezpenak izango direla karpan egingo direnak, eta diskoen artean autoekoizpen ugari egongo dela. Talde askok hartu dute produkzio modu hori, eta Ahotsenean horren isla izango ei da.

 

Erreferentziazko plaza

Ahotseneak erreferentzia irabazi du urterik urte. Gero eta musika talde eta idazle gehiago dira bertan lana aurkeztu\"\" gura dutenak. Barandiaranek esan du musika talde askok Ahotseneakoa kontzertu normal gisa ezartzen dutela euren agendetan. Batzuentzat beste emanaldi bat izango dela, baina askorentzat “plaza itzela” dela uste du. Bertan batzen den jende guztiaren aurrean jotzea aukera bat da taldeentzat.

 

Bestalde, kontzertuak edo liburu aurkezpenak ikustera joaten direnen garrantzia aipatu du Barandiaranek: “Hartzaileak bete egiten du Ahotsenea”. Eta hori da arrakastaren oinarri nagusia.

 

Gogoetarako arrazoiak

Hazten dabilen gunea da Ahotsenea, eta gertaera horri erantzuteko beharra daukate. Aurten gogoeta egiten dabiltzala aurreratu du Barandiaranek, datorren urteari begira zelan jokatu aztertzeko. Ahotseneako eskaintzan musika kontzertuak aurkezpenak baino gehiago dira, eta 2014an musikarako agertoki bi eta aurkezpenetarako espazio bat egokitzea hausnartzen dabiltza. Baina, ohartarazi du hori ez dela izango posible erakunde publikoen laguntzarik barik. Bere iritziz, gaur egungo eredua “kolokan” dago laguntza faltagatik: “Hori sostengatu beharrean, itotzen dabiltza”. Aurten, behintzat, bizirik dago.

 


77 emanaldi eskainiko dituzte Ahotseneako karpan

 

40 kontzertu eta 37 aurkezpen daude programatuta

 

Abenduaren 5etik 8ra bitartean sortzaileen topaleku izango da Durango, eta euren gune berezia izango da Ahotsenea. Lau egunetan ez da kontzertu eta aurkezpen emaria geldituko. Goizean 11:00ak aldera hasi eta iluntzeko 20:30era arte ordu erdiko saioak eskainiko dituzte. Guztira, 77 emanaldi daude programatuta; 40 kontzertu, eta 37 aurkezpen. Eguenean, 10:30era aurreratu dute gunearen zabaltzea. Egunaren izaera kontuan izanda, ikasleei zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte lehenengo. Sarrera ekitaldiaren ostean, EH Sukarra taldeak inauguratuko du Ahotsenea, 11:00etan. Eibartarrek Uhinak diskoa ezagutzera emateko aprobetxatuko dute hitzordua. Egun berean, Irati Jimenez idazlea eta Pirritx eta Porrotx edota Napoka Iria taldea pasako dira oholtzatik. Bingen Mendizabal, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda ere eguenean egongo dira, Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunagaz.

 

‘Gabrielen lekua’

Hilaren 6an, Arestiren omenezko Gabrielen lekua lana aurkeztuko dute Andoni Egañak, Oier Guillanek, Rafa Ruedak eta Alain Urrutiak. Musika Mursego, Esne Beltza, Ze esatek! eta Bide Ertzean taldeek ipiniko dute, besteak beste. Eta idazleen artean Peru Magdalena durangarra egongo da Egia esan nobelagaz.

 

Elorrieta eta Sardui

Eñaut Elorrieta Deserriko kantak diskoagaz izango da abenduaren 7an, eta hori izango da eguneko ekitaldi deigarrienetako bat. Alex Sardui ere bertaratuko da, baina ez musika eskaintzera. Izan ere, bere lehenengo liburua argitaratu du aurten: Esan eta egin. Bestalde, eta gurera etorrita, Durangaldeko Sermond’s taldeak ere edukiko du abestiak zuzenean jotzeko aukera.

 

Azken egunean ere hemeretzi sortzaile pasako dira Ahotseneatik, tartean, Koldo Izagirre Parisen bizi naiz liburuagaz, eta Xabier Amuriza 4x4 operazioa lanagaz.

 

Egitarauan sartu ezinik geratu diren sortzaileetako batzuei lekua egingo diete Plateruena Kafe Antzokian eta Areto Nagusian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!