Gerraren gaia landu du Leire Bilbaok haurrei zuzendutako ‘Gerrak ez du izenik’ liburuan.Gaur Saguganbaran eginago da, 13:00ean
Durangon kokatzen da ‘Gerrak ez du izenik’ (Pamiela). Ondarroarra izan arren, bertan bizi da Leire Bilbao azken urteetan, eta 1937ko bonbardaketan murgildu da azken liburuan. Maite Mutuberriaren ilustrazioekin, aurtengo Etxepare saria eskuratu du. ‘Euli bat dut bihotzean’ (Elkar) ere kaleratu du aurten.
Gerra dakarzu haur literaturara. Eurentzako moduko gaia da?
Badaramatzat urte batzuk haur literatura argitaratzen, eta konturatu nintzen badaudela gai tabu batzuk. Horietako bat heriotza da, baina dagoeneko hasi da haur literaturan sartzen. Gerra apenas ikusten izan da. Ostera, telebista pizten baduzu, umeek, nahi ala ez, telebista ikusten dute. Orain Siriako gerra dago, lehenago Afganistangoa... Munduan hainbeste gerra daude... Hala ere, ez diegu azaltzen umeei zer den gerra, zer eragiten duen eta zeintzuk diren bere ondorioak, zelan hasten diren... Fantasiaren alde nago, eta aurreko liburuetan beti fantasiara jo izan dut. Baina nire ustez, umeei denetarik azaldu, eta gauza errealez berba egin behar zaie. Gurasoekin irakurtzeko liburu bat izan daiteke. Amaiera itxaropentsua dauka, gainera.
Zer kontatzen duzu istorioan?
Protagonista Mirentxu da, eta mutu dago aita frontera joan zenetik eta amama gerran hil zitzaionetik. Amagaz bakarrik dago. Mutu dago, ez du “gerran bizi gara” esan gura. Amamak erakutsi ziolako izenak izana dakarrela, gauza bat esaten dugunean, sentitu egiten dugula hori: tristura ez badugu izendatzen, ez dugu sentituko; gosea ez badugu izendatzen, ez dugu sentituko... Berak fantasiaz beteriko barne mundu bat dauka. Eta gerran egon arren, ume bat da. Orduan, berak bere barne mundu alai, aberats eta fantasiosoa dauka, eta horren aldarrikapen bat ere bada. Egoerarik txarrenetan ere badago barne alaitasuna.
Zergatik Durangon?
Telebistan ikusten duguna ez da hain urrutiko kontua. Orain dela ez hain aspaldi, 1937an, hemen gerra zibil bat egon zen, eta zuzen zuzenean ukitu zituen Gernika, Eibar, Otxandio eta baita Durango ere. Askotan Gernika entzuten da, baina besteek ere eduki zuten oinazea. Durangon bizitzen ia lau urte daramatzadanez, bertan kokatu gura nuen. Kurutziagako liburutegi zaharrean bonbardaketak eragindako markak daude, eta handik pasatzean begira geratu izan naiz sarritan; orain, Otxandion nago lanean...
Artxiboko lana egin duzu?
Album ilustratu bat da, labur-laburra. Gerediaga Elkartera jo, eta Durangoko bonbardaketako argazkiak eskatu genizkien. Orduan, grafikoki badago lan bat. Benetako argazkiak dira. Hor ikusi ahal da Santa Ana eliza, Artekalea, Goienkalea, Andra Mariko elizpea... Memoria historikoa lantzeko balio du.
‘Euli bat bihotzean’ beste abentura bat izango da, ezta?
Ez dauka batak bestearekin zerikusirik. Hau fantasia hutsa da. Askok ezagutzen dugu Franz Kafkaren Metamorfosia, eta zelan Gregor Samsa, egun batez, loaldi aztoragarri baten ostean zomorro bihurturik iratzartu zen. Nire protagonista –Gorka, Gregorren omenez–, sekula baino lehenago jaiki da ohetik, eta lotan zegoela, euli gogaikarri bat zeukan buruan bueltaka, iluntasunean. Aztoraturik esnatu da, baina sekula baino biziago. Ispiluan begiratu duenean ez du ezer ikusi; baina bere gelako desordena eta euli bat ikusi dituenean, zera dio: “Aiba! Euli bihurtu naiz!”. Bera zomorro arraro gisa sentitzen da. Bere eta etxeko gainontzekoen ikuspuntutik Gorka zelan ikusten duten kontatzen du liburuak.
Orain zer daukazu esku artean?
Nik uste dut idaztean gehien disfrutatzen duzun momentu dela ideia bat etortzen zaizunean, edo bidean zaudenean. Polita da liburu bat esku artean edukitzea, baina funanbulistaren sentsazioa ematen duena sorrera da, ideia etortzen zaizunean, ez dakizunean hariari tira egingo diozun, zer etorriko den... Eta une honetan horren bila nabil.
Poesia eta haur literatura landu izan dituzu. Ez dira bi mundu?
Bai, baina azken finean literatura da. Literatura da libre sentitzen garen errepublika bakarra, ezta? Ni poesiarekin hasi nintzen, eta, bien bitartean, haur literatura egin izan dut. Momentu bakoitzak gauza desberdin bat eskatzen duela uste dut. Ez idazteko momentu batzuk ere egongo dira, edo, behintzat, ez argitaratzekoak. Bietan ibiltzen naiz gustura, baina momentuak eskatzen du bata edo bestea.
Batzuek pentsa dezakete haur literatura maila baxukoa dela...
Zein liburugaz akordatzen zara gehien? Txikitako irakurketak mugarriak dira pertsona bat irakurzale egiterako orduan. Txikiak gauzak deskubritzen daude, eta zerbait deskubritzen duzunean, sentsazio horrek ez dauka preziorik. Nik uste dut inportantea dela umeak euskaraz heztea, eta umeek liburuekin gozatzea, eurei galderak eragitea.