"Apustu politikoa egin dugu antzerki gaelikoa lehen lerrora ekartzeko"

Anboto 2013ko abe. 8a, 08:30

Eskoziako kultura eta hizkuntza ekarriko ditu Catriona Lexy Campbell idazleak gaur, 17:30ean, San Agustinen izango den solasaldira

\"\"Eskoziako kultura eta hizkuntza ekarriko ditu Catriona Lexy Campbell idazleak gaur, 17:30ean, San Agustinen izango den solasaldira.

 

Oier Gillan idazleagaz eta Ixabel Etxebarria irakasleagaz jardungo du Catriona Lexy Campbell (Lewis, 1982) idazleak, Durangoko Azokan, gaur.Zer eragin du egoera soziopolitikoak antzerkigintzan eta alderantziz?’ galdera erantzutera etorriko da.

 

Zer helburugaz zatoz Durangora? Zelan hartu duzu gonbita?

Oso emozionatuta nago Durangoko Azokan parte hartzeko aukeragaz. Sekula ez naiz Euskal Herrian egon, baina esan didate oso leku polita dela, eta euskaldunak oso jende irekia eta lagunkoia zaretela. Bereziki gogotsu nago herria ezagutu eta Azokaren inguruan eskaintzen duen guztiaz gozatzeko.

 

Zer harreman daukazu Euskal Herriagaz? Zer irudi daukazue Eskozian gure herriaz?

Nire inguruko gaelikoek euskaldunak zentzu askotan pareko edo kide bezala ikusten ditugu. Gure herriek munduan daukaten lekua aldarrikatzeko, antzeko esperientzia eta borrokak bizi izan ditugu. Bi herriek ulertzen dugu zeinen inportantea den, gero eta homogeneoagoa den mundu honetan, gure hizkuntza eta kultura mantentzea.

 

Ezaguna duzu Jaun Zuriaren kondaira? Bizkaiko lehenengo jauna Eskoziatik etorri zela kontatzen duen hori?

Ez dut ezagutzen, ez! Baina bilatuko dut horren berri. Oso interesanteak iruditzen zaizkit istorio horiek, eta espero dut Durangon gauza gehiago ikastea.

 

Politikak antzerki ekoizpenean daukan eraginari buruzko mahai-inguruan parte hartuko duzu. Zer garrantzi du politikak kulturan?

Gaelikoz idatziriko literaturari dagokionez, politika hizkuntzagaz eta sormeneko arteekin oso lotua dagoela uste dut. Eskozia osoan hitz egiten zen hizkuntza izatetik, desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza gutxitu izatera igaro da gaelikoa: mendetan, jarrera politikoek eragin handia izan dute gaelikoarengan.

 

Eragin positiboagoa du politikak kultura gaelikoan egun?

Independentziari buruzko eztabaidak gaelikoak eta arteak Eskoziaren etorkizunean izan beharreko rolen inguruko eztabaida sakontzea ekarri du. Horretaz jardungo dut nire berbaldian. Eta politikak Euskal Herriko sorkuntzan eduki duen eta gaur egun duen eraginaz gehiago ikastea ere espero dut.

 

Nolako egoera bizi du Eskoziako gaeleraz egiten den antzerkiak?

Apustu politikoa egin dugu antzerki gaelikoa lehen lerrora ekartzeko, eta pizkunde moduko bat bizi du. Azken urte bietan asko hazi da ekoizpen profesional zein amateurren kopurua. Pauso handiak dauzkagun arren oraindik emateko, norabide egokian goazela uste dut.

 

Zeintzuk dira gaelikoz idatzi eta argitaratzeak dauzkan indargune eta ahulguneak?

Alde batetik, erronka handia da gaelikoz idaztea. Irakurle kopurua mugatua da, eta oso editorial gutxi dago lan berriak argitaratzen dituena. Bestalde, gure lanak argitaratzeko, kanpoko finantziazioaren menpe egoten gara sarri. Baina, era berean, egia da literatura gaelikoa argitaratzen duten argitaletxeek esfortzu handia egiten dutela askotariko lanak plazaratzeko, eta idazkera berriak bultzatzeko.

 

Zein izan da zure esperientzia zentzu horretan? Zailtasunik eduki duzu zure lana publikatu eta plazaratzeko?

Egia esan, babes handia sentitu izan dut nire ibilbide osoan. Uste dut, beharbada, ingelesez idatzi izan banu edukiko ez nituzkeen hainbat aukera izan ditudala. Edozelan ere, niretzat aukera naturalena da gaelikoz idaztea: berez ateratzen zaidana da.

 

Helduentzat ez ezik, umeentzat ere idatzi izan duzu, eta kulturari oso loturiko familia batean hasitakoa zara.Zenbateko garrantzia du, zure ustez, transmisioak kultura euskaldunean eta gaelikoan?

Uste dut hizkuntzek bizirauteko behar-beharrezkoa dela lotura estua egotea belaunaldien artean, eta hiztunak kontziente izatea hizkuntzak eta kulturak atzetik dakarren guztiaz. Uste dut zorte handia izan dudala, nire hizkuntzaren jatorriaren eta dakarren guztiaren gaineko kontzientzia sendoa transmititu didan familia batean hezi nindutelako. Aldi berean, ingurukoek beti bultzatu naute hizkuntzagaz zein neure sorkuntzaren mugekin esperimentatzera.

 


Gazteei begira idatziriko bi liburu plazaratu ditu

 

Cluicheadairean liburua eta An t-Ionnsachadh Bòidheach trilogiaren lehenengo alea kaleratu berri ditu Catriona Lexy Campbellek. Homofobia oso zabaldua dagoen futbolaren esparruan bizi den jokalari gazte homosexual baten istorioa kontatzen du lehenengoak, eta gazteei zuzenduriko trilogia bateko lehenengo lana da bigarrena. Plaga batek munduko heldu guztiak desagertarazi ostean, neska eta mutil biren biziraupen istorioa kontatu du bertan. Egoera zailetan aurrera egiten duten pertsonaiez, bizirik irauten dutenez, askotan idazten duela dio Campbellek.

 

Literatura gaelikoaren gai nagusiez galdetuta, “leku guztietan bezala, maitasuna, heriotza, politika eta familia” gailentzen omen dira. Baina mina eta umorea, eta naturaz gaindiko gaiez ere asko idazten ei dute, idazlearen ustez.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!