Zortzi gunetara hedatuko da Durangoko Azoka

Anboto 2013ko abe. 4a, 08:45
Landakoko standez gainera, Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta Szenatokia prest daude

Landakoko standez gainera, Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta Szenatokia prest daude.

 

Kulturaren plaza geroago eta espazio zabalagoa hartzen ari da Durangon. Azokako zortzi guneetan 130 kultur ekintza antolatuko dituzte abenduaren 5etik 8ra bitartean. Liburu eta diskoen aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak, mahai-inguruak, kontzertuak, hitzaldiak... Beraz, kulturazaleentzako eskaintza zabala izango da hurrengo egunotan, Durangon. Ahotseneak kokapen berria du aurten. Trenbidea lurperatuta dagoenez, Plateruenaren ondoko pasabidetik joan, eta trenbidearen beste aldean karpa erraldoi bat jarri dute. Montevideo etorbideko orubean espazio berria estreinatu du, beraz. Karpak espazio bi ditu. Lehenengoan, egileek beraien lanen inguruan berba egingo dute kazetariekin eta baita publikoarekin ere. Bigarrenean, berriz, sortzaileek beraien diskoak zuzenean aurkezteko aukera izango dute. Irudieneak ere leku berria izango du Zugaza zineman.

 

Nobedadeak

Euskal kulturaren ekoizleek “Durangoko Azokan egon nahi dute, euskal kulturaren plaza nagusia delako”, azpimarratu du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak 48. Durangoko Azokaren aurkezpenean. Aurtengo azokak 355 nobedade dakartza Durangora: 226 liburu, eta 68 disko. Aurtengo uzta erakusteko, 238 erakusmahai ipiniko dituzte argitaletxe eta ekoiztetxeek, beraz, iaz baino 15 stand gutxiago egongo dira. Antolatzaileek diotenez, parte-hartzaile kopurua mantendu egin den arren, batzuek stand kopurua jaistea erabaki dute. Musikari dagokionez, aurten sei stand gehiago jarriko dituzte. Talde askok autoekoizpenaren aldeko apustua egin dute: Damba Kameluak, Musika Zuzenean, Ze Esatek!, eta Zea Mays.

 

Bestalde, azokara ere heldu da krisia. Durangoko Azokak 532.000 euroko aurrekontua du aurten. Iazkoagaz alderatuta, %10 txikiagoa da kopuru hori. Zailtasun ekonomikoez mintzatu zen Mujika azokaren aurkezpenean. Gerediagako presidenteak azaldu zuenez, “aurrekontu honekin nekez antolatu daiteke Durangoko Azoka bezalako ekitaldi bat: euskal kulturan errefentziazkoa den azoka ezin daiteke estu eta larri ibili, eta beharrezko du denon babesa”. Azoka diruz babesten duten erakunde publiko eta pribatuekin batera, urtero Durangoko Azokara etortzen diren milaka euskaltzaleren eta ehunka lanen inplikazioa” goraipatu zituen Gerediagako lehendakariak.

 

Izen aldaketa

Durangoko Liburu eta Disko Azoka izen berriarekin dator aurten. Durangoko Azoka izena jarri diote, liburu eta disko salmenta baino zabalagoa delako.

 

Eskoziarren azoka

Eskoziako kultura ezagutzeko aukera eskainiko du aurtengo azokak. Bihar, 18:30eko inaugurazio ekitaldian John Stewart gaita-jotzaileak eta John Boldaun gitarra-jotzaileak musika erakustaldia eskainiko dute. Ondoren, Joxemari Carrerek Jaun Zuria Bizkaiko jaunaren kondaira irakurriko du. Ostiralean, berriz, Eskoziatik Euskal Herrira: Europako autodeterminazio prozesuak mahai-inguruan Iñigo Urrutuak (EHUko irakaslea), Asier Blasek (EHUko irakaslea), Jule Goikoetxeak (EHUko irakaslea) eta Txente Rekondok parte hartuko dute. Zelai Nicolás izango da solasaldiaren gidari. Zapatuan, Eskoziako musikagaz girotutako kalejiran parte hartuko du Stewart gaita-jotzaile eskoziarrak. Catriona Lexy Campbell aktore eskoziarra ere azokan izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!