"Altxor handia duzue Berrizko baserrietan"

Anboto 2013ko abe. 3a, 14:43
\'Berrizko baserriak\' liburua kaleratu berri dute, herriko toponimia aztertzeko ikerlana oinarri hartuta. Kofradiaka banatuta dagoen liburuan baserrien argazkiak, ezaugarri arkitektonikoak eta baserri izenen nondik norakoak agertzen dira. Egileen berbetan, urteen joan-etorrian oso ondo mantendu dira Berrizko baserriak; euren izenak mantentzea eta irautea da lanaren helburuetako bat. Kultur etxean egin dute liburuaren aurkezpena

\'Berrizko baserriak\' liburua kaleratu berri dute, herriko toponimia aztertzeko ikerlana oinarri hartuta.  KofradiAka banatuta dagoen liburuan baserrien argazkiak, ezaugarri arkitektonikoak eta baserri izenen nondik norakoak agertzen dira. Egileen berbetan, urteen joan-etorrian oso ondo mantendu dira Berrizko baserriak; euren izenak mantentzea eta irautea da lanaren helburuetako bat. Kultur etxean egin dute liburuaren aurkezpena.

 

\"\"Baserri eta ermiten izenak, guztira 301 ageri dira "Berrizko baserriak" liburuan. Argazkiak, ahoz erabiltzen diren izenak, idatzizko izen formalak eta baserrien deskribapenak sartu dituzte liburuan, kofradiaka banatuta. Jon Ander Ramos historialariak egindako toponimia azterketa da lanaren ardatza, eta Ana Isabel Ugalde artearen historian doktoreak eta Mikel Gorrotxategi euskaltzainak parte hartu dute liburuan berekin.

 

XVI.mendean eraikitako baserriak, gaur egun desagertuta dauden etxeak, berriztuta daudenak... Denetarik ikus daiteke lan mardulean. Jon Ander Ramosek nabarmendu duenez, berriztarrek emandako laguntza, ezinbestekoa izan da lana osotzeko. Izan ere, Ramos baserririk baserri ibili da informazio bila, artxiboetan dokumentazio lana egiteaz gainera.

 

Izenak batuta, "idatziz erabili beharreko izen zahar eta jatorrizkoak" zeintzuk diren definitu dituzte toponimia lanagaz. Mikel Gorrotxategiren berbetan, "Batzuri arraro egingo zaie "Bisko" beharrean "Beaskoa" erabiltzea, adibidez". Ahozko formak ahozkorako guztiz egokiak direla nabarmendu du euskaltzainak. Izenen idatzizko forma zehaztea, euskararen normalizazioan egin beharreko pausua dela nabarmendu dute. Orland Isoird alkateak aurkezpenean esan duenez, "lan hau gerora etorriko diren ikerketen oinarri eta ondorengoen ezagutzaren iturri izango da".

 

Balio arkitektonikoa

Baserrien fitxak egiterakoan, Berrizko ondarearen balio arkitektonikoaz jabetu dira liburuaren egileak. Hori azpimarratu du Ana Isabel Ugalde artearen historian doktoreak: "Nik baserrietako fatxada nagusien deskribapenak baino ez ditut egin, baina hori bera nahikoa da herrian dagoen altxorra ikusteko; ez dut uste Euskal Herrian horrelako altxorra duten herri asko egongo direnik". Baserri zaharrenetik hasi eta berrienetara "obra bikainak" egin direla nabarmendu du Ugaldek, eta baserri berriztatuak "oso ondo" berriztatuta daudela, gainera.

 

\"\"

 

Berrizen eta Durangoko azokan salgai

Liburuaren aurkezpenera hogeita hamar berriztar inguru gerturatu ziren. Hamar euroan ipini dute salgai liburua, eta kultur etxean bertan, hainbat ale erosi zituzten herritarrek. Udaletxean, liburudendan eta estankoan ipiniko dute salgai "Berrizko baserriak", eta Durangoko Azokan Gerediagaren estandean egongo da eskuragarri.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!