Emakumeek historian izan duten papera landuko dute, 'Konpota' antzezlanean

Anboto 2013ko abe. 3a, 08:55

Euskal antzerkia sustatzeko Zubi ekimenaren lehen estreinaldia da Konpota. Bakarrizketa kaotiko baten murgilduko da Eneritz Artetxe aktorea domeka honetan, San Agustin aretoan. Philippe Gaulien testua da.

Umorea, tragedia, eta tartean errezeta batzuk. Konpota antzezlanean, "pertsonaia baten erregistro denak" landu ahal izan dituela azaldu du Eneritz Artetxe aktoreak. Emakume mitiko baten ahotik egiten du berba Artetxek Konpota antzezlanean. Emakumeek historian zehar eduki duten paperari buruz berba egiten du: "Errelebatu egiten da eta ironiaz, umorez, amorruz, berba egiten du".

Datorren domekan, abenduaren 8an estreinatuko dute Konpota, 19:00etan, Durangoko Azokaren Szenatokiaren barruan. Pablo Ibarluzeak zuzentzen du antzezlana eta Phillipe Gaulie antzerki maisuaren testua da. Lehenengo biderra da bere testu bat euskaratzen dutena, eta Antton Lukuk egin du itzulpena. Artetxek Gaulieren Parisko antzerki eskolan ezagutu zuen maisua. "Oso jakintsua da eta asko ikasi nuen berekin". Bere testuak irakurtzen hasi zen orduan, eta La compote de... bakarrizketako testua irakurtzerakoan, harekin zer edo zer egin behar zuela pentsatu zuen. Testua oso interesgarria dela dio: "Ez da oso ohikoa emakume bufoi baten gaineko testua idaztea, nik ez dut inoiz halakorik irakurri".

Zubi egitasmoaren baitan

Testu dinamikodun obra hau Zubi egitasmoaren lehen antzezlana da. Duela urte bi abiatu zen Zubi ekimena. Zazpi kultur eragilek euskarazko antzerkia sustatzeko produkzio eta difusio programa sortzea erabaki zuten orduan.

Eneritz Artetxek Phillipe Gaulieren testua aurkeztu zuen ekimenerako, eta hau izan da Zubitik sortu den lehen antzezlana. Datorren urterako beste deialdi bat egongo dela azaldu dute, “sentitzen dugulako lan tresna beharrezkoa dela sortu dugun hau”.

Filgi Claverie Zubiko kidea eta Itsasuko Hameka arteen fabrikako kideak azaldu du artista gazteak eta sorkuntza gazteak bultzatzeko asmoagaz sortu zela Zubi. Hainbat herritako antzerki programatzaileek babes ekonomikoa eta obrak antzezteko antzokiak eskaintzen dituzte. Proiektuan daude Artedrama, Zornotza Aretoa, San Agustin kulturgunea, Arriola antzokia, Leioako antzokia, Gernikako Astra, Behe Nafarroako Scene de Pays, Hameka eta Dxuturi teatroa.

Antzezlanei espazioa eskaintzeko premiari buruz berba egin du Eneritz Artetxek: “Leku finkoak ditugu antzezteko eta hori laguntza handia da; bestela zer edo zer sortu eta ez dakizu bidea izango duen ala ez”. Antzezlana sortzeko prozesu osoan babes handia sentitu duela adierazi du aktoreak.

Obra Durangaldean

Durangoko emanaldi honen ostean, Durangaldean datorren urtearen hasieran ikusi ahalko da Konpota; Urtarrilaren 17an Zornotza Aretoan eta otsailaren 14an Elorrioko Arriolan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!