Garai ilunak gogoan

Anboto 2013ko abe. 2a, 10:00
Durangoko Karrika antzerki taldeak 'Lurra astinduz' antzezlana aurkeztu zuen azaroaren 22 eta 24a, Donostiako Antzoki Zaharrean, Gerra Zibilaren osteko urte gogorrak gaitzat hartuta. Agus Perez antzerki kritikariak emanaldiari buruzko testu hau osatu du:

 

"Eskertzekoa da talde amateur batek giza intereseko kontu sozialak plazaratzea, are gehiago herrian bertan gertatu badira eta unibertsaltasuna emanez gero. Jose Martin Urrutia Txotxe-k idatzitako testuak sentsibilitate handiz deskribatzen du orduko gizartearen egoera goibela, eta zurrunbilo haren erdian jarri du Silberi-ren pertsonaia, apaltasun sakoneko amodio-istorio baten bidez.

 

Antzokiko sabaian proiektaturiko irudiekin hasi da emanaldia –Durangoko bonbardaketa eta bertan hil zituzten umeen irudiak barne– eta hortik aurrera Karrikako kideen agerpen koreografikoekin gauzatu da orduko gizartearen irudikapena. Ez da harritzekoa, beraz, maletek garrantzi handia hartu izana, ihesaldi eta erbesteratzeen ikurrak direlako, eta baita ere gauzarik preziatuenen gordelekua. Maletekin batera, rol berezia jokatu dute argien diseinu diskretuak eta jantzi guztien egokitasunak. Dramaturgia sormentsuaren patrikan ere sartu behar ditugu ikusleen artean izandako ekintzak eta eremu eszenikoaren diseinu soila.

 

Kontakizunari dagokion lez, antzezpenak kolektiboak izan dira gehienbat. Apurka-apurka, ordea, pisua hartzen joan dira protagonisten arteko berbaldiak, baina ahoskerarena jagon beharreko arloa da, batez ere ikusle ezezagunen aurrean, eta arlo horretan zein ahotsaren proiekzioarenean taldeak bere puntu ahula erakutsi zuen.

 

Duda barik, agerraldi kolektiboak dira lan honetako alderik ederrenak –arropa-garbiketa errekan, gutunen irakurketak, fabrikako eszena...–, baina haietariko batzuk –atxiloketarena, fusilamendua...– ez ziren egon tragediak eskatzen zuen mailan. Hala ere, emanaldiak zapore ona utzi zuen, eta nik beste ezeren gainetik baloratuko nituzke taldekide guztien inplikazioa, gaiaren tratamendua eta muntaiaren estetika landua."

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!