"Gai sozialak jorratzen dituzten dokumental asko eskainiko ditugu aurten"

Anboto 2013ko abe. 1a, 08:36
Durangoko Azokako Irudieneak, ikus-entzunezkoen plazak, urrats bat gehiago emango du 48. edizioan, eta aurten Zugaza zinema aretora lekualdatuko da. Horrela, eskainiko dituen hamahiru filmak kalitate handiagoz gozatu ahal izango dira, eta proiekzioez gainera, mahai-inguruak, sortzaileekin solasaldiak, filmen aurkezpenak, tailerrak eta bestelako jarduerak ere eskainiko dituzte. Arrate Illarok kudeatzen du Irudienea gunea

Durangoko Azokako Irudieneak, ikus-entzunezkoen plazak, urrats bat gehiago emango du 48. edizioan, eta aurten Zugaza zinema aretora lekualdatuko da. Horrela, eskainiko dituen hamahiru filmak kalitate handiagoz gozatu ahal izango dira, eta proiekzioez gainera, mahai-inguruak, sortzaileekin solasaldiak, filmen aurkezpenak, tailerrak eta bestelako jarduerak ere eskainiko dituzte. Arrate Illarok kudeatzen du Irudienea gunea.

 

Zer leku dute ikus-entzunezkoek Durangoko Azokan?

Durangoko Azoka euskal liburu eta disko azoka izatetik kulturaren plaza izatera zabaldu da, eta hedapen horretan bere lekua dute ikus-entzunezkoek, kulturaren beste arlo bat direlako, literatura, musika edo antzerkia diren bezala. Zentzu horretan, Irudienea guneak kulturaren beste aurpegi bat eskaintzen du. Gainera, euskal kulturaren barruan ikus-entzunezkoek oso rol garrantzitsua dute. Beti izan dira jende askoren gustuko, eta euskaraz aisaldian gozatzeko tresna oso baliotsua dira: erraz kontsumitzen direlako, eta adin guztientzako egokiak direlako.

 

Zer garrantzia du Irudienea zinema aretora eramateak?

Alde batetik, Durangoko Azokaren plan estrategikoari erantzuten dio. Azoka Durango osora zabaldu nahi da, eta bide horretan, Irudienea Landakotik aterako da. Bestetik, ikus-entzunezkoen gune naturala da zinema aretoa. Horregatik, proiekzioek kalitatean asko irabaziko dute kokaleku berriarekin.

 

Antolatu dituzuen jardueretan nabarituko da aldaketa hori?

Bai, noski. Euskarazko ikus-entzunezko lanen erakusleihoa da Irudienea, eta sortzaileak ikusleekin harremanetan jartzeko plaza da. Helburu horrekin, proiekzioak eskaini ditugu, eta filmen sortzaileak bertan egongo dira lanak zuzenean azaltzeko, eta bizipenak kontatzeko. Alegia, elkarren arteko trukaketa hori elikatzeko. Ildo horretan, emakumeen lanak azaleratzeko mahai-ingurua ere antolatu dugu.

 

Proiekzioei dagokionez, zeintzuk dira amu nagusiak?

Denak izan litezke, baina, esaterako, Euskara jendea, Izan pirata eta Euskal Herriko nonbait pelikulen aurkezpenak. Gainera, Jon Garañok eta Jose Mari Goeneagak Loreak errepidean film berriaren aurrerapena ekarriko dute. Help! Socorro! Lagundu! Goenkale TV Moviearen estreinaldia egingo dugu, eta Goenkaleko aktoreak etorriko dira Durangora, aurkezpena egiteko. Aurten, nabarmentzekoa da, gai sozialak jorratzen dituzten dokumental asko eskainiko ditugula.

 

\"\"Kameratoia ere antolatu duzue, Euskal Herriko IX. Ikus-entzunezkoen Rallya. Zelako harrera eduki du lehiaketa horrek aurreko edizioetan? Zein da deialdiaren helburua?

Urte dezente dira Kameratoia antolatzen dela eta hori bada seinale bat. Igual hasieran izen-ematea oso potentea izan zen, gaur egun badaude beste antzeko proiektu batzuk, baina euskara hutsean direnak ez dira hainbeste, eta Kameratoia erreferentea da eta badaude parte-hartzaile asko urtero errepikatzen dutenak. Alde batetik, sortzaile gazteei leku bat ematea da helburua, eta, bestetik, euskaraz gozatzeko tresna bat ipintzea. Hau da, nahiz eta, oso adituak ez izan, gazteak etor daitezen eta 48 orduan film bat egin dezaten euskaraz gozatuta.

 

Azokan parte hartzen duzuen hirugarren urtea izango da. Nolako esperientzia izan da orain artekoa, eta zer espero duzue edizio berriari begira?

Oraindik jaio berritako egitasmoa da. Urtetik urtera publikoaren erantzuna progresiboa izan da, baina, oraindik, egonkortzeko prozesuan gaude. Aurten, azokan ikus-entzunezkoek badute espazio duin bat, eta oraingo helburua da ahalik eta jende gehien hona erakartzea.

 

Nolako publikoa erakarri nahi duzue zuen jarduerekin?

Ikus-entzunezkoak gustatzen zaizkion edozein adineko publikoa. Durangoko Azokara gerturatu nahi duen ororentzat dago zerbait interesgarria Irudienean.

 

Ikasleen egunerako bikoizketari buruzko tailer bat antolatu duzue.

Umeentzat oso esperientza polita da ezagutzea, aurrez aurre, Shin Chani ahotsa ipintzen dion pertsona. Euren marrazki bizidunak barrutik ezagutzean flipatu egiten dute. Eta, ikusteaz gainera, protagonista bihurtzen dira euren ahotsak irudiari ipinita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!