Entzun, elurra ari du

Anboto 2013ko aza. 28a, 12:57

Bi urteren ostean, atzera itzuli dira Jupiter Joneko kideak Plateruenera. Jendez gainezka orduan, eta lagun artean oraingoan, baina ausart taularatu dira Nerea Garrido, Baxi Ubeda eta Aida Torres (Joxe Caballero falta zen), bakarra den proposamenarekin

Bi urteren ostean, atzera itzuli dira Jupiter Joneko kideak Plateruenera. Jendez gainezka orduan, eta lagun artean oraingoan, baina ausart taularatu dira Nerea Garrido, Baxi Ubeda eta Aida Torres (Joxe Caballero falta zen), bakarra den proposamenarekin.

 

Musika eta zinema modu berean ulertzen dute irundarrek: sinplea, baina iradokitzailea izan behar du. Honela, Karel Zeman txekiarraren Cesta Do Pravêku filma musikatu dute, historian milaka urteko bidaia eginda. Plateruena haitzulora eraman gaituzte Aidaren erritmo karratuekin; Baxi eta Nerearen gitarra joko sotilek, ostera, ñabardurak erakutsi dituzte abenturan. Lau gazteren bidaia, kobatik hasi, eta dinosauroen borrokara iritsi arte, ibilaldia lokaztuta amaitzeko.

 

\"\"

 

Ausart agertokian, eta egonezinak entsegu lokalean. Urtetan musikagintzan aritua da laukotea, eta Lisabö, Akauzazte eta Bukaera lako taldeetan zaildu dira. Musikagintza, sentsazioak eragiteko tresna gisa ulertuta, noski.

 

Industriarik ez da euren ustetan. Etiketek, ostera, aspertu egiten dituzte. Beste liga batean jokatzen dute irundarrek. Beste galaxia batean. Bidasoako (eta inguruetako) harrobi emankorreko hainbat talderen kasuan legez, BideHuts kolektiboa arduratu da sorkuntza jario hau bideratzeaz.

 

Amaitzeko, elurra eta maitasuna parez pare; hitzez deskribatu ezin daitezkeen sentsazio eragileak, biak. Hartara, Yoko Onoren Listen, the snow is falling jo dute jupitertarrek, pantailan Kontxako hondartza elurrez estaltzen ari dela.
Horrela itxi da Kantuaren Kantoiaren bosgarrena.

 

Ez dago hau azalduko duen hitzik, bizi egin behar dira horrelakoak.

 

Hurrengo urtera arte!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!