Sarrionandiaren poemak errezitatuko dituzte, Durangoko Hitz liburudendan, bihar

Anboto 2013ko abe. 2a, 08:33
Elkarrek berrargitaratu duen Sarrionandiaren liburuko olerkien irakurraldia egingo dute Durangon

Elkarrek berrargitaratu duen Sarrionandiaren liburuko olerkien irakurraldia egingo dute Durangon.

 

Abenduaren 3an, 19:30ean, Durangoko Hitz liburu-dendan egingo dute Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo poesia bildumaren berrargitalpenari loturiko errezitaldia. Joseba Sarrionandiak 1985. eta 1995. urteen artean idatziriko olerkiak biltzen ditu Elkar argitaletxeak 95ean kaleratu zuen Hnuy illa nyha majah yahoo liburuak. Hain zuzen, liburu horren edizio berrituaren aurkezpen ekitaldia izango da Hitz liburu-dendako martitzenekoa. Iurretako idazlearen hainbat zuzenketa aintzat hartu dituzte berrargitalpenerako.

 

Durangaldeko hainbat sortzaileren ahotik izango dira, Hitz liburu-dendan, Hnuy illa nyha majah yahoo liburuko olerkiak entzungai. Unai Abaunzak gitarragaz lagunduko ditu, eta eskualdeko hainbat idazle eta sortzailek, “liburuko euren olerki kutunak aukeratu”, eta ozen irakurriko dituzte. Besteak beste, Igor Elortzak, Unai Iturriagak, Leire Bilbaok, Peru Magdalenak, Paddy Rekaldek, Bego Montoriok, Andoni Urzelaik, Arrate Mardarasek eta Eneko Sagardoyk hartuko dute abenduaren 3ko Hitz liburu-dendako ekimenean parte.

 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, errezitaldiaren ostean, liburu-denda pareko Gozo-Leku tabernan pintxoak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!