Ruper Ordorikaren azukre koxkor musikalak gozagarri, gaur gauean, Plateruenean

Anboto 2013ko aza. 29a, 13:19

Urrian kaleratu zuen \'Azukre koxkorrak\' diskoa aurkeztuko du Ordorikak

Urrian kaleratu zuen \'Azukre koxkorrak\' diskoa aurkeztuko du Ordorikak.

 

Euskal Herriko musikagintzatik maitatuenak dituen dozena bat kanturen berrinterpretazioekin urrian kaleratu zuen Azukre koxkorrak diskoa aurkeztuko du Ruper Ordorikak, gaur gauean, Durangoko Plateruenean: “Disko hori abiapuntu hartuta jardungo dugu, eta kanta horiek joko ditugu, baina horiek bakarrik ez, beste kanta asko ere joko ditugu”, azpimarratu du Ordorikak. Disko hori, kanta horiek “ospatu gura ditugu”, dio musikari oñatiarrak: “Izan ere, disko hau neuk ere espero ez bezalako oihartzuna izaten ari da”.

 

Estilo eta garai ugari bildu dituzte diskoko abestiek, eta askotariko jendearengana ailegatu da Azukre koxkorrak. Ruper Ordorikaren bizitzan mugarri izan diren talde eta bakarlarien kantak bere ukituagaz eskainiko ditu gaurko zuzenekoan. Besteak beste, Hertzainak, Itoiz, Kortatu, Koska, Errobi, Oskorri, Delirium Tremens edo Balerdi Balerdi taldeen eta Txomin Artola, Xabier Lete, Mikel Laboa eta Etxahun-Iruriren kanten bertsioak joko ditu.

 

Azken urteetan aldamenean izan dituen musikariek lagunduta ariko da Ruper Ordorika 22:30ean hasiko den emanaldian: Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleagagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!