Tabirako Baqueko talde nagusi biak indartsu dabiltza

Anboto 2013ko aza. 30a, 08:24
Liga hasiera txar bat egin ostean, gizonen taldea esnatu egin da, eta garaipenak pilatzen dabil; emakumeak hasieratik dabiltza erne, eta bigarren daude. Gaur partidoa dute talde biek

Liga hasiera txar bat egin ostean, gizonen taldea esnatu egin da, eta garaipenak pilatzen dabil; emakumeak hasieratik dabiltza erne, eta bigarren daude. Gaur partidoa dute talde biek

 

Gizonen Tabirako Baque taldeak aurkitu du jarraitu beharreko norabidea, eta liga hasiera pobreari buelta eman dio. Emakumeen talde nagusiari, aldiz, hasiera-hasieratik funtzionatzen dio iparrorratzak, eta liga hasiera bikaina osatu du. Ligako lehenengo bost partiduak galduta, argi gorriak piztu ziren gizonen taldean. Denak ez zebiltzan norabide berean arraunean. Orain hilabete, etxean Azkoitia-Azpeitia taldearen kontra jokatutako partidua izan zen garai berri bati ekiteko mugarria. Denboraldiko lehen garaipenak indarberritu egin zituen, eta hurrengo partidu biak ere irabazi egin zituzten Atletico San Sebastian eta Goierri-Verkol taldeen aurka. Gainera, azken partidu horretan erakustaldia eskaini zuten zaleen aurrean, eta xehatu egin zuten Gipuzkoako taldea: 74-47. Joan zen asteburuan amaitu zitzaien garaipenen bolada Mondragon Unibertsitatea taldearen kantxara egindako bisitan, baina kontuan hartu behar da Mondragon multzoko talderik indartsuenetakoa dela, zazpi garaipen eta porrot batekin. Gainera, azken unera arte estu joan zen partidua: 68-63.

 

Emakumeen liga hasiera aitzakiarik gabekoa da. Zortzi partidutik sei irabazita, sailkapeneko bigarren tokian kokatuta daude. Galdutako partidu bat gaur egun aurretik duten talde bakarraren kontrako izan zen; etxean, puntu biko aldeagaz (46-48) galdu zuten Azpeitiko Zurt Taberna taldearen aurka. Denboraldiko aurreneko porrota, ostera, Donostian jasan zuten, Bera Bera taldearen aurka. Dena dela, porrot horiek urruneko kontu bat dirudite, harrezkero jokatutako lau partiduak irabazi dituztelako. Beraz, une gozoan hartuko dute bihar etxean Deusto Loiola Indautxu Unibertsitatea taldea.

 

Gabonetako torneoa

Urtero legez, klubeko jokalari ohiei zuzenduta, aurten ere Gabonetako Simply Torneoa antolatuko du Tabirakok, abenduaren 28an. Sasoi bateko jokalariak berriz elkartzeko eta hartu-emanak sendotzeko helburua izaten du torneo horrek.

 

Parte hartu gura duen Tabirakoko jokalari ohiak helbide elektroniko honetan eman dezake izena: tabirako@gmail.com. Gehienez 15 jokalariko taldeak osatuko dituzte (bi gizonenak eta beste bi emakumeenak). Beraz, izen-ematea mugatuta dago. Talde bakoitzerako entrenatzaileak ere behar dituzte.

 

Abenduaren 28an izango dira partiduak: 17:30ean gizonena, eta 19:15ean emakumeena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!