Organista gazte biren emanaldia gaur

Anboto 2013ko abe. 1a, 08:29
Lau eskutarako kontzertua eskainiko dute, Juan de la Rubia eta Ana Aguado organista gazteek, Durangoko Andra Marian, gaur, 19:00etan

Lau eskutarako kontzertua eskainiko dute, Juan de la Rubia eta Ana Aguado organista gazteek, Durangoko Andra Marian, gaur, 19:00etan.

 

Arandoño kultur elkarteak Organo Kontzertuen zikloa antolatu du, eta organo kontzertu bi ekarriko ditu Durangora, abendu hasieran. Gaur, 19:00etan, lau eskutarako emanaldia eskainiko dute ziklo horren barruan Juan de la Rubia eta Ana Aguado musikari gazteek, Durangoko Andra Marian.

 

Valentzian, 1982an jaio zen de la Rubia, eta bere belaunaldiko organistarik arrakastatsuenetarikoa da; eta 1984an, Palentzian, sorturikoa da Aguado. Organoaren ondarea babestea helburu duen Tadeo Ortega elkarteko presidentea da Aguado, eta musika ikasketak Katalunian egin dituzte musikari biek. Durangoko emanaldian, Mozart, Carleton, Tomkins eta Merkel musikarien piezak interpretatuko dituzte Juan de la Rubiak eta Ana Aguadok, lau eskutara.

 

Abenduaren 6an, 20:00etan Roberto Frescok eskainiko duen kontzertu-solasaldia izango da Organo Kontzertuaren zikloaren barruko bigarren hitzordua. Formatu bereziko emanaldia izango da: solasaldia eta kontzertua uztartuko ditu. Aurten, Andra Maria elizako koruan egingo dute emanaldia.

 

Madrilgo Almudenako Santa Maria de la Real katedraleko organo-jotzaile nagusia gonbidatu dute Durangoko kontzertu-solasaldi horretarako: Roberto Fresco organista. Europa, AEB, Latinoamerika eta Filipinetan jarduten du Frescok, eta XVI. mendeko musikatik abangoardiako musikara doan eremua osatzen du bere errepertorioak. Bere bizitzari eta obrari buruzko solasaldia eta zuzeneko organo musika emanaldia eskainiko ditu. Hain zuzen, duela hiru urte egin zen ziklo honetako lehenengo solasaldi-kontzertuan jo zuen Montserrat Torrent musikariaren ikasle izandakoa da Roberto Fresco. Iaz hamabost urte bete ziren Durangoko Arandoño elkartea sortu zutela, eta hainbat urtean antolatu du elkarte horrek, Organo Kontzertuen zikloa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!