Szenatokia gunea arte eszenikoen plaza da Durangoko Azokan. Egun osoko antzerki maratoia eta Eneritz Artetxe aktorearen.
“Durangoko Azoka gure antzerkiaren azoka ere bada”, irmo dio Itziar Eliasek, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kideak (EHAZE). Szenatokia Durangoko Azokako arte eszenikoen guneko arduraduna da Elias, Arantxa Arrazola, San Agustin kulturguneko arduradunarekin batera. Izan ere, Arrazolak garbi du “arte eszenikoen plaza” eduki behar duela azokak, eta egun horietan San Agustin antzerkigileentzako gune bihurtzen da urtero, aurten hirugarrenez. “Euskal antzerki sortzai- leek euren lanak erakusteko aukera izan behar dute Durangoko Azokan, jendeak aukeratu dezan”.
Antzerkia eta txakolina
Antzerkirako gosea pizteko antolatu dute antzerki maratoia abenduaren 7an, larunbatean, eta sortzaileekin tertulian arituta, txakolinarekin eztarria bustitzeko aukera egongo da.
I. Elias: Zortzi talde arituko dira guztira, lau goizean, eta beste lau talde arratsal- dean. Bakoitzak bere antzezlanaren zati bat egingo du, hamabost minutuko lagina, trailer moduko bat. Hori bukatzen denean, aukera egongo da pintxo eta txakolin bat partekatzeko.
A. Arrazola: Oihala zarratu, eta atzean hurrengo taldekoak lanean dauden bitartean, beste aktoreak jaitsi egiten dira, eta giro oso polita egoten da.
I. Elias: Gainera, interesa daukanak galdetzen dizu non ikusi ahal den osorik, eta gertutasun hori lortzen duzu publikoarekin.
A. Arrazola: Jendea poltsekin etortzen da Landakotik, eta, agian, obra hasita dago. Apur bat itxaron, eta hurrengora sartzen denean “hara, zeinen ondo! Txakolin bat” esaten du.
Maratoiaren gosea aseko du, berriz, azken egunean Eneritz Artetxe aktoreak. ‘Konpota’ antzezlana estreinatuko du Szenatokian abenduaren 8an, Zubia proiektuaren barruan. Eva emakumean oinarritutako Philippe Gaulierren bakarrizketa da, eta, lehen aldiz, autore hau euskaraz ikusi ahal izango da, Antton Lukuren itzulpenari esker. Entsegua ikusteko aukera izan du Arrazolak, eta irribarre maltzurra egin du. “Gustatuko zaizue”.
Eskoziako antzerkiaz
Gainera, Gaelikoz egiten den antzerkigintzari buruz mahai-ingurua egingo da azken egunean. Eskozia aurtengo herrialde gonbidatua denez, Catriona Lexy Campell aktore eta idazlea gonbidatu dute Azokara. Kasu honetan, San Agustingo hallean eta kafeak lagunduta.
I. Elias: Eskozian antzezlanak gaelikoz egiten dituen elkarte bateko arduraduna da Catriona Lexy Campell, eta berarekin batera Hego eta Ipar Euskal Herriko antzerkilari bana egongo da. Egoera politikoak antzerkiarengan duen eragina izango da gaia, eta antzerkiaren eraginaz politikan ere hitz egingo dugu.
A. Arrazola: Kafie eta Berba deitu diogu, San Agustingo hallean izango delako, kafe bat hartu bitartean.
Publiko gazteena ere erakartzeko asmoz, abenduaren 5ean egingo den Ikasleen egunarekin bat egin du Szena- tokiak, eta antzoki bat barrutik nolakoa den erakutsiko die ikasleei.
A. Arrazola: Karrika Durangoko antzerki taldea eszenatokian entsegu bat egiten egongo da, eta ikasleek ikusiko dute zuzendariak ematen dituen aginduak. Gero, eszenatoki atzera eroango dituzte, argiak, kamerinoa eta abar ikusteko.
Durangoko Azokako unerik garrantzitsuenetako baten agertoki ere bada Szenatokia, Argizaiola saria hor emango dutelako, abenduaren 6an, ostiralean. Horregatik, antzezlana uztartuko duen gala izango da, Josu Camara aktore eta EHAZE elkarteko lehendakariak gidatuta.
Poteotik gertu
Landako Gunetik urrutien dagoen gunea izan arren, Alde Zaharraren bihotzetik gertuen dagoen espazioa da Szenatokia. “Alde Zaharreko poteo kalea ez badago urrun, hau ere ez”, dio Arrazolak. Eta azokari balio erantsia ematen dio Eliasen ustez: “Durangoko Azokara etortzen dena ez da etortzen liburu bat erosi eta etxera joateko. Egun pasa egitera etortzen zara azokara”, eta barrez gaineratu du, “Landako barruan buruko mina egiten zaizunean, paseotxo bat eman eta Szenatokira etorri zaitezke haize pixka bat hartzen”.
SZENATOKIA EGITARAUA
- ABENDUAK 5, EGUENA.
- Ikastetxeentzako bisita gidatuak antzerkia barrutik ezagutzeko, Karrikaren eskutik. Hiru pase: 10:30, 12:00 eta 14:00.
- ABENDUAK 6, BARIKUA.
- Argizaiola Gala, 20:30ean. Gerediaga Elkarteak antolatuta eta Josu Camarak zuzenduta.
- ABENDUAK 7, ZAPATUA.
- Antzerki maratoia. 15 minutuko laginak. 12:00etatik 14:00etara lau antzezlan zati eta 18:00etatik 20:00etara beste lau.
- ABENDUAK 8, DOMEKA.
- ‘Kafie eta Berba’ hitzaldia, 17:30ean. Egoera soziopolitikoak zein eragin du antzerkian eta antzerkiak egoeran. Catriona Lexy Campbell, eta Ipar eta Hego Euskal Herriko antzerkilariak.
- Estreinaldia, 19:00etan. ‘Konpota’, Eneritz Artetxe. 2012ko Zubi proiektuan aukeratua.