"Biluzik, ezer ezkutatu gabe, zure gorputzaren jabe eta zure gidari". Horrela dio Napoka Iria taldearen disko berriko letretako batek. Miren Narbaiza eta Ander Mujika dira Napoka Iria, eta sinismen handia daukate euren musikan.
ETBko Tumatxak saioan agertzeagatik fama handiagotu zaien arren, aspalditik dabiltza ekinean. Eguaztenean, esaterako, kontatu zuten zelan Japonia bisitatu zuten 2008an. Japonian, euskaraz? Bada bai. Euskaraz kantatzearen konplexua hemen, Euskal Herrian, dagoela uste dute, ez kanpoan.
Gainontzekoen edo moden menpe egon beharrean, euren sinismen eta sentsazioei kasu egiten diete. Eta erakutsi dute horrela ere arrakasta lortu ahal dela. Konplexurik barik azaldu zuten lanak utzi eta disko berria grabatzera dedikatu direla oso-osorik urtebetez.
Solasaldiaz gainera, zuzenean jotako abestiekin euren unibertso berezira bidaiatzeko aukera izan genuen. Kitarra soinu eta ahotsetan harrapatuta. Istorio ilun eta gaziak gehienetan, baina argia topatzeko esperantza galdu barik. Ilunetan edo argitan, ez dute ezer ezkutatzeko.