AEBetan euskal disporari buruz lan eskerga egin duen William Douglasek jasoko du Gerediaga elkarteak Durangoko Azokan ematen duen Argizaiola saria: “Euskal kulturaren alde egindako lana eskertzeko”.
Hamabost egun barru Durangon izango den Azokaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, Azoka egunetan “euskal antzerkigintzaren plaza” izango den San Agustin kulturgunean. Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko Nerea Mujika lehendaria, San Agustin kulturguneko Itziar Elias Szenatokia gunearen arduraduna, eta Azoka babesten duten erakunde publikoen ordezkariak elkartu dira aurkezpenean: Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea.
Euskal kulturaren ekoizleek “Durangoko azokan egon nahi dute, euskal kulturaren plaza nagusia delako”, azpimarratu, eta 48. Durangoko Azokaren datuak, zenbakitan eman ditu, Nerea Mujikak: denera, 355 nobedade dakartzate ekoizleek Durangoko azokara: 226 liburu, eta 68 disko. Aurtengo uzta erakusteko, 238 erakusmahai ipiniko dituzte argitaletxe eta ekoiztetxeek, iaz baino 15 stand gutxiago egongo dira.
Durangoko Azoka 532.000 eurogaz antolatu dute, aurten. Iazkoagaz alderatuta, %10 txikiagoa da kopuru hori. Zailtasun ekonomikoez mintzatu da Nerea Mujika, eta azpimarratu du, “aurrekontu honekin nekez antolatu daiteke Durangoko Azoka bezalako ekitaldi bat: euskal kulturan errefentziazkoa den Azoka ezin daiteke estu eta larri ibili, eta beharrezko du denon babesa”. Azoka diruz babesten duten erakunde publiko eta pribatuekin batera, urtero Durangoko Azokara etortzen diren milaka euskaltzaleren eta ehundaka lanen inplikazioa” goraipatu ditu Gerediagako lehendakariak.
William A. Douglas eskertu
Aurkezpenean aurreratu dute, baita, “urteetan euskal kulturari egindako ekarpena” eskertuko diola, aurten, Gerediaga elkarteak, Renoko William Douglas antropologoari. Abenduaren 6an, Durangoko San Agustin kulturgunean burutuko duten galan emango diote, Argizaiola, ikerlari estatubaturrari. “Euskal disporari buruz ikertzen bizi guztia emandakoa da Douglas, euskal kulturaren enbaxadorea da AEBetan”, azpimarratu du Mujikak. Durangoko Azokagaz ere beti harreman estua mantendu du, gainera, Douglasek.
Euskal Herriko Ameriketarako emigrazioari ezezik, Eskoziako politika eta kulturari ere gerturatuko zaio, Durangoko Azoka. Herrialde horri buruz hainbat ekimen izango dira Durangoko Azokan.
Azokaren inagururazio ekitaldian, abenduaren 5eko Areto Nagusiko 18:30etako ekitaldian Eskoziako doinuak izango dira entzungai, eta Euskal Herria eta Eskozia batzen dituen Jaun Zuriaren kondairari buruz ariko da Joxemari Carrere: Bizkaiko lehenengo jauna Eskoziatik etorri zelan kontatzen du antzinako istorio horrek. Abenduaren 6an, bestalde, Eskoziatik Euskal Herrira: Europako autodeterminazio prozesuak izeneko mahai-ingurua egingo dute, 12:30ean, Areto Nagusian.
Gaelikoa, antzerkian
Azokaren aurkezpen ofiziala egin duten lekuan, San Agustingo Szenatokia gunean, Catriona Lexy Campbell aktore eta idazle eskoziarra ariko da, abenduaren 8an. Gaelikoz idatziriko antzerkigintzari eta egoera politikoaren eraginei buruz jardungo dira, besteak beste, mahai-inguru horretan. Oier Guillan eta Ixabel Etxeberriak ere parte hartuko dute eztabaida horretan, Ipar eta Hego Euskal Herriko antzerkigintzaz.