"Esaten didatenez, gure odolosteak ez du bihotzerrerik ematen"

Anboto 2013ko aza. 24a, 09:01

Odoloste finak egiten dituela dio Txema Alberdi harakinak. Osagaiak ia igarri ere ez direla egiten, eta hortxe dagoela 2009an eta aurten Bizkaiko odoloste onenaren munduko txapelketa irabazteko arrazoia. Errezeta aitaren amak eman zion Alberdiren amari, eta amagandik ikasi zuen berak

Odoloste finak egiten dituela dio Txema Alberdi harakinak. Osagaiak ia igarri ere ez direla egiten, eta hortxe dagoela 2009an eta aurten Bizkaiko odoloste onenaren munduko txapelketa irabazteko arrazoia. Errezeta aitaren amak eman zion Alberdiren amari, eta amagandik ikasi zuen berak.

 

Saria jasota, odoloste asko saltzen zabiltza orain?

Bai. Tenperatura hotzak heltzen direnean, normalean, jende gehiagok erosten du, eta, orain, sariaren kontuarekin, askoz ere gehiago.

 

Zer diote bezeroek?

Pozik daude. Betiko bezeroak ni beste poztu dira ia. Askok zoriondu naute; bezero ez direnek ere bai.

 

Familiako errezeta da zurea.

Bai. Aita Santa Apolonia baserrikoa zen, eta aitaren amak irakutsi zion nire amari, eta amarekin ikasi nuen nik. Gurasoek harategi txiki bat zabaldu zuten lehenengo, hiltegi ondoan, eta hura txiki geratu zenean, hona egin genuen salto.

 

Errezeta bai, baina amamaren odolostea eta zurea berdin-berdinak dira?

Errezeta berdina aldatu egiten da esku batetik bestera, nahi eta nahi ez. Sukaldean ere, nahiz eta porru-patatak egunero egin, ez dira beti berdin irteten.

 

Esanda daukazu zuen sekretua osagaien oreka eta dena xehe-xehe ebakitzea dela.

Gure odolkia oso fina da. Arroza ere badauka, baina askok ez dio arroza nabari. Fina da. Agian porru zatiren bat nabari ahalko duzu, baina normalean ez dira osagaiak igartzen.

 

Bizkaiko odolostearen berezitasuna arroz pixka bat edukitzea da, ezta?

Bai. Gipuzkoa aldean, Zaldibartik harantz, ez dute edukitzen. Araba aldean bai, eta Burgos aldera eginda, gehiago. Bizkaiko odolosteak, gehienez, %10 eduki behar du arroza, hori dakar lehiaketako oinarriak ere. Hori da maximoa, eta, gero, bakoitzak gura diona botazen dio.

 

Zer egiten dio arrozak odolosteari?

Pixka bat moteldu egiten du zaporea. Askok esaten didate gure odolostea ez dela berriro ahora etortzen. Ez dakit, koipe gutxiago duelako-edo. Barazki gehiegi edukitzen badu ere, bihotzerrea ematen du...

 

Hori edukitzen du odolosteak txarra!

Bai, baina gureak ez du arazo asko sortzen. Koinatak ere esana dit gure odolostea jaten duenean, ez diola bihotzerrerik ematen.

 

Orduan, gehiago jateko moduan!

Gehiago ez, sarriago, agian. Lehen kanporako ere egiten genituen, eta Lekeitioko bezero batek esaten zidan normalean birritan pentsatu behar izaten zuela odolostea jan orduko. Gureagaz ez. Gurea suabea da, eta, aldi berean, zapore puntua dauka.

 

Aurten, txorizo txapelketara ere aurkeztu zara, eta hantxe ere finalista! Tradizio handia dute zuen txorizoek?

Bai, betidanik. Baserriko tradizioan txerria hiltzen zen, eta, gero, harategiagaz gehiago. Finalista geratu garenez, orain, beste erronka txiki bat daukagu hor. Txorizo mota bi egiten ditugu: Bata txerri normalagaz eta piperrautsagaz, eta, bestea, baserriko txerriagaz eta piper txorizeroekin. Arrakasta daukate. Mallorcako saltzaile bat hona etortzen da, eta hark dio Espainia osoko txorizoak erosten dituela, eta hemengoen modukorik ez duela hartu. Eta nik pozik entzuten diot; ez dakit gezurretan dabilen, baina, horrela bada ere, ni pozik.

 

Modan daude orain dieta makrobiotikoak eta garbi jatea. Txorizoa eta odolostea orduan...

Lehenengo kentzen direnak dira, baina gehien gustatzen zaizkigunak dira. Antidieta dira. Italian antipasta izaten den bezala, hemen, antidieta. Txarra izango litzateke egunero jateko, baina noizik behinean, gomendagarria ere bada.

 

Sarri jaten duzu zuk?

Atzo bertan jan nituen babak odolosteagaz, eta oso gustura!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!