Joan zen egunean, Durangoko Arte eta Historia Museoan aurkeztu zuen Mikel Onandia durangarrak urtebeteko lanaren emaitza den liburua. Jon Kepa Garro zinegotziak eta Ismael Manterola Artearen historia irakasleak lagunduta jardun zen Onandia aurkezpen horretan. Durangaldeko 44 artistaren katalogoa da osatu duena.
Gustora aurkezpen ekitaldiagaz eta liburuagaz?
Bai, oso gustora. Egia esan, nik uste dut liburu polita geratu dela, nahiz eta hori gero irakurleak esan beharko duen. Nire aldetik, baina, pozik egindako lanak emandako emaitzagaz.
Zein da liburuaren ekarpenik inportanteena?
Nagusiena, Durango eta inguruetako sortzaile garaikideei bisibilitatea ematea, uste dut. Bakoitzak bere ibilbidea duen arren, proiektu unitario honetan artista guzti horiek batzea.
Joan zen egueneko Museoko aurkezpeneko entzuleetariko asko, liburuan agertzen diren artistak dira. Zer erantzun jaso duzu behin liburua amaituta, artista horiengadik?
Jendea pozik geratu da, orokorrean: erantzun positiboa izan da. Argi dago bakoitzak bere liburua egingo zuela, eta hautaketarekin ados ez dagoenik ere egongo da, baina nire hautaketa da hau: honen harira debate txiki bat sortzen bada, ondo etorria izango da, baita. Azken finean, hau ez da behin betiko kanon bat, hau, arteari buruz berba egiteko aitzakia bat da.
Durangoko udalak ematen duen sorkuntza bekara aurkeztu zenuen proiektua.
Horrela da, bai. Egitasmoa aurkeztu nuenean, nire proposamena, sorkuntzari baino gehiago ikuspegi teoriko bati loturikoa zela pentsatuta, ez nuen espero aukeratuko nindutenik. Ekoizpen gastuetarako izan da 7.500 euroko diru-laguntza, osorik.
Zeintzuk izan dira prozesuko unerik gozagarrienak eta zeintzuk gogorrenak?
Artistekin hartu-emanean gozatu dut gehien, jendea ezagutzea. Izeraz nahiko lotsatia naizenez, hasieran ez zait erraza egin, eta topiko bat ematen duen arren, asko ikasi dut liburu hau egiten. Momentu zailenak, beharbada, bukaerako errepasoak-eta...
Asko dira 44 artista?
Asko dira, baina hautaketa bat egin behar izan dut. Artista gutxiri orrialde asko eskaintzea baino, ahalik eta sortzaile gehieni lekua egitea izan dela nire hautua. Ahalik eta jende gehieni egin diot lekua, eta hautaketa eklektikoa izan zedin ere saiatu naiz. Uste dute horrela hobeto islatzen dela errealitatea.
Deneriko arte adierazpideak agertzen dira liburuan.
Bai, zelanbait liburuak frogatzen du Durangaldeko sorkuntzaren aniztasuna: belaunaldi eta disziplina ezberdinetako jendea sartu dut: pintura figuratibo eta tradizionalenetik abstrakziora arte dauden guztiak, eskulturintza, instalazioak, arte kontzeptuala, argazkigintza, zinemagintza, ilustrazioa...
Erakusketa bat antolatzen zabiltza abendu-urtarrilerako?
Liburuan dauden artisten lanen hautaketa txiki bat izango da, bai. Liburuaren muestra txiki bat eskainiko dugu, Durangoko Museoan, abendu hasieratik urtarrilera zabalik egongo dena.