'Bestearen begirada': kulturarteko elkarbizitzaren kontakizuna

Anboto 2013ko aza. 19a, 09:27

2012-2013 ikasturtean Txelu Angoitia argazkilari duragarrak gidatu duen argazkigintza tailerrean bezala, giro epelean elkartu ziren, joan zen bariku iluntzean, Plateruenean, hainbat lagun. Kandelen argitan. Jatorri ezberdinetako gazteak ziren ekitaldian elkarturikoetariko asko: Angoitiaren argazkigintza tailerraren aitzakian, elkar ezagutu eta lagun egin direnak

2012-2013 ikasturtean Txelu Angoitia argazkilari duragarrak gidatu duen argazkigintza tailerrean bezala, giro epelean elkartu ziren, joan zen bariku iluntzean, Plateruenean, hainbat lagun. Kandelen argitan. Jatorri ezberdinetako gazteak ziren ekitaldian elkarturikoetariko asko: Angoitiaren argazkigintza tailerraren aitzakian, elkar ezagutu eta lagun egin direnak. Iazko udazken-neguko tailer horri, eta bizitako kulturarteko esperientziari buruzko testigantzekin Angoitia argazkilariak osaturiko Bestearen begirada dokumentala estreinatu zuten barikuan.

 

Argazkigintza tailer honetan elkarturiko lagun bik Agurra elkarrekin dantzatuz hasi zuten Platerueneko ekitaldia, eta dokumentalaren emanaldiaren ostean, Afrikako danbor doinuek lagunduriko Mikel Laboaren Txoria txori kanta eskaini zuen tailerreko partaide bik. Ekitaldia aurkezten jardun zuen Eneko Sagardoy aktoreak ere aipatu zuenez, tailerra elkar ezugutzeko bidea izan dute, “eta nork jakin elkarlan horrek etorkizunean zer fruitu eman dezakeen”.

 

Durangon jaiotako gazteak eta gazte inmigranteak batzeko topagunea izateko eskaini zuen Durangoko udaleko inmigrazio sailak argazkigintza tailer hau: “Bestea deskubritu eta onartzea” bilatzen duena. Izan ere, dokumentaleko testigantzetako batek dioen bezala, aurreiritziek begiak ixtera garamatzate sarri. Tolerantzia aktiboa eta kulturen arteko elkarrizketa landu dituzte argazkigintza tailerrean, eta besteen begiradagaz aberastu: elkarren bizitzen berri zuzena izanda, bestearen errealitatea eta begirada ulertu eta bestearen azalean ipintzea errazagoa dela frogatu dute argazkigintza tailer honetan parte hartu gazteek.

 

2012ko esperientzia

Txelu Angoitiak gidatu zuen 2012an Rebelarte argazki tailerra ere. Durangon bizi diren Senegal eta Marokoko 10 gaztek hartu zuten ekimen hartan parte: identitateaz gogoetan jardun zuten tailerrean, eta argazkiekin eta euren bizitzako pasarteekin, erakusketa paratu zuen San Agustin kulturgunean. Lehenengo edizio hartan parte hartu zuten inmigranteetako batzuk ere jardun dira ikasturte honetako ekimenean, oraingoan, esan bezala, Durangon jaiotako hainbat gazterekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!