'Artea Durangaldean Gaur' liburua plazaratu du Mikel Onandia durangarrak

Anboto 2013ko aza. 15a, 09:01
Atzo iluntzean, Durangoko Arte eta Historia Museoko aretoa entzulez lepo beteta zegoela, aurkeztu zuen Mikel Onandia historialariak \'Artea Durangaldean Gaur\' liburua. Durangoko udalaren Sorkuntza Artistikorako bekaren 2012-2013 deialdian hautatu zuten Onandiaren proposamena, eta diru-laguntza horrek emandako emaitza aurkeztu zuen, atzo

Atzo iluntzean, Durangoko Arte eta Historia Museoko aretoa entzulez lepo beteta zegoela, aurkeztu zuen Mikel Onandia historialariak \'Artea Durangaldean Gaur\' liburua. Durangoko udalaren Sorkuntza Artistikorako bekaren 2012-2013 deialdian hautatu zuten Onandiaren proposamena, eta diru-laguntza horrek emandako emaitza aurkeztu zuen, atzo.

 

Mikel Onandiak azaldu zuenez, Durangaldeko artearen ezagutza sustatzeko helburuagaz burutu du eskualdeko artearen katalogo hau: Durangoko eta inguruetako produkzio artistikoaren egoera ilustratzeko. Liburuan, disziplina ezberdinetan diharduten belaunaldi diferenteetako 44 sortzaileren lana jaso du Mikel Onandia durangarrak. Egileak berak atzoko liburu aurkezpenean aurreratu duenez, kataloagoagaz batera, Durangaldeko artisten erakusketa bat antolatzea ere barne hartzen du, gainera, proiektu honek. Katalogoan biltzen direnetatik, Onandiak egindako Durangaldeko artisten lanen hautaketa bat izango da, abenduaren 5etik urtarrilaren 7ra arte Durangoko Museoan ikusgai. Liburuagaz bezala, erakusketa hori komisariatuta ere, "Durangaldeko artisten papera aldarrikatzea" gura du Onandiak.

 

\"\"

 

Durangoko Museoko atzoko hitzorduan, Onandiaren irakasle izandako Ismael Manterola Ispizua EHUko artearen historialariak goraipatu zuen liburua argitaratzeko Onandiak egindako lan mardula: "Hasteko, diseinu oso zainduko liburua da, eta arte liburuetan asko baloratzen da hori: oso kalitate handiko irudiak bildu ditu, oso ondo aukeraturikoak". Itxuraz ezezik, Onandiaren liburuaren edukiaz ere jardun zen Manterola irakaslea, atzo: "Liburua irakurrita, harrigarria egin zait ikustea arteari dagokionez zeinen aberatsa den Durango". Bereziki deigarria egin zaio Manterolari 1970 eta 1990 urteen arteko "eferbeszentzia kulturala". "Badirudi artea hirietan gertatzen dela bakarrik" azpimarratu zuen, "eta liburu honek erakusten du hori ez dela egia". Mikel Onandiak liburu honetarako egindako "dokumentazio lan handia, eta zentzua emateko egindako saiakera" ere nabarmendu zituen, atzoko aurkezpenean Manterolak: "Mikelek egindakoa ez da zerrenda bat". Praktika artistikoa ulertzeko saiakera bat da, eta diskurtso berriak sortzeko ahalegina ere bai.

 

Bi ataletan banaturiko liburua da Mikel Onandiarena: XX. mendeko Durangaldeko Artearen Historia egiten du lehenengo partean, eta hautatutako artisten lanen fitxak biltzen ditu bigarren parteak. Kronologikoki, lau kapitulutan dago Artea Durangaldean Gaur liburua antolatua: 1900-1936 urteen arteko sorkuntzan hasi, eta beste hiru alditako ekoizpenaro; 1939-1970; 1970-1990; eta 1990-2014 artekoari begiratuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!