Zortzi gunegaz, sekula baino gehiago hedatu da kulturaren plaza

Anboto 2013ko aza. 14a, 13:15
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, eta 48. Durangoko Azokan lanean jardun duten zortzi guneen izenean, Oihane Barrueta Saguganbara guneko eta Arrate Illaro Irudienea gunearen arduradunek eskaini dute prentsaurrekoa

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, eta 48. Durangoko Azokan lanean jardun duten zortzi guneen izenean, Oihane Barrueta Saguganbara guneko eta Arrate Illaro Irudienea gunearen arduradunek eskaini dute prentsaurrekoa.

 

Hain zuzen, azokaren aurtengo nobedadeerako bat den aretoan, Zugaza zineman, egin dute agerraldia: areto horrek hartuko du, aurten, ikus-entzunezkoen plaza. Arrate Illaro Irudienearen arduradunak azpimarratu duenez, “erronka da Irudienea hona ekartzea, eta gogotsu gatoz”. Euskaraz ekoitziriko ikus-entzunezkoen emanaldiak hartuko ditu, abenduaren 5etik 8ra, egun guztian zehar eta publiko guztientzako, Durangoko Azokaren gune berriak, Zugaza zinemak: “Kalitatea irabaziko dute emanaldiek”, adierazi du Illarok. Emakume sortzaileen inguruko mahai inguru bat ere eskainiko du, besteak beste, Irudieneak. Aurkezpenean aurreratu zutenez, baina, datorren astean aurkeztuko dute Durangoko Azokako gune guztien egitarau zehatza.

 


Ibaizabal errekaren alde bietara, Durangoko Azoka zelan hedatu den erakutsi zuten antolatzaileek, agerraldian. Zortzi gune daude aurtengo Azokaren mapa zabalean markatuta: Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena, Szenatokia, eta Azoka TV. Guzti horietan, “elkarlan handiagoari esker, kultur eskaintza oparoagoa” izatea lortu dutela nabarmendu du Gerediagako Nerea Mujikak, eta Azoka antolatzen jardun duen koordinazio mahaiaren funtzionamendua ere goraipatu du.

 


Nobedadea izango da, baita, Ahotsenea sortzailen plazaren kokagunea, aurten. Landakogunea eta Alde Zaharra hurbildu, eta lehen trenbidea zegoen lekuan ipiniko dute 40 sortzaileren zuzeneko kontzertuak eskainiko dituen karpa. Taldeek izena emateko epea zabaldu eta bi egunetara bete da aurten Ahotsenearen programazioa: abenduraren 5etik 8ra etenik barik emanaldia eskainiko dute, Euskal Herriko musikariek.

 


Oihane Barrueta Berbaro elkarteko kide eta Saguganbara gunearen arduradunak egin du guneen bozeroale lana, eta “euskal kultura gozatu eta bizitzeko” gonbita luzatu die herritar guztiei.

 

 

"Transmisioa lantzeko tailer ugari antolatu dugu"

 

Berbaro elkarteak prest du Durangoko Azokako txikien eta handien plaza. Oihane Barrutiak aurkeztu du Saguganbara.

 

\"\"

 

Zer nobedade dakar Saguganbarak?

Hasieratik, transmisioari lekua egiteko asmoz dihardugu Saguganbaran. Oso inportantea iruditzen zaigu umeentzako espazioa izan arren, helduekin etorri daitezela, eta transmisioa lantzeko tailer ugari antolatu dugu.

 

Eskaintza anitza egiten duzue bertan.

Bai, oso eskaintza zabala egiten dugu: areto txikian, plaza mugatuekin eta formatu txikiagoan egiten ditugu tailerrak, eta areto nagusian, aurkezpenak eta ikuskizunak izaten dira. Aurten, lehenengoz, gurasoei zuzenduriko berbaldiak eskainiko ditugu, eta mahai-jokoen tailerrak edo ume eta gurasoentzako kantu jolasak ere bai, esaterako.

 

Gurasoei zuzenduriko hitzaldi horiek zeren ingurukoak izango dira?

Iaz transmisioa lantzeko helburuz antolatu genituen tailerretan guraso batzuek egin zuten proposamenetik sortu da berbaldion eskaintza. Haur literatura emozioekin lantzeko aukera eskaini gura dugu. Oso formatu parte-hartzailea izango dute tailer laburrok; Juan Cruz Igerabide idazleak eta Juan Carlos Alonso psikologoak eskainiko dituzte.

 

Kantu jolasen ekimena zer da?

Berbaron antolatzen ditugun udalekuetara datozen umeen gurasoen eskaritik sorturikoa da kantu jolasen ideia: umeekin jolastu eta kantatzeko baliabiderik ez dutela adierazten digute guraso askok, eta hutsune hori betetzea da asmoa. Urte osoan nahiko genuke ikastaro hori eskaini, eta pentsatu dugu azoka proba egiteko une polita izan daitekeela. Durangoko Azokan kantu-liburu asko ere kaleratzen direla aprobetxatzea aukera polita iruditu zaigu tailer honi begira.

 

Aurreko edizioen zer balantze?

Saguganbarak arrakasta bermatua izan du azken urteetan: beti dago topera. Baina, bertara hurbiltzen direnak zergatik datozen jakitea inportantea da, eta, batez ere, formatu txikiko gauzetan gurasoek euren ekarpenak egitea eskertzen dugu.

 

Liburu aurkezpenak ere hartzen dituzue Saguganbaran.

Hainbat liburu aurkezpen izango dira Saguganbaran. Esaterako, haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi duen Xabier Olasoren Tximeletrak edo Leire Bilbaok idatzi eta Maite Mutuberriak ilustraturiko Gerrak ez du izenik liburuak aurkeztuko dituzte. Ipuin kontaketa bidez aurkeztuko du Bilbaok liburua, Mutuberria ilustratzaileak bertan marrazten duen bitartean. Egileek umeentzat bereziki pentsatutako aurkezpen erakargarriak egiten dituzte.

 

Ikasleen egunagaz abiatuko da azoka. Berbaro aritu da horren antolakuntzan.

Berbarok jardun du Ikasleen eguna koordinatzen, bai: gune bakoitzak egun horretarako egindako eskaintza bateratu dugu. Deialdi zabala egin dugu, eta Euskal Herri osoko 2.700 ikaslek eman dute proposatu dizkiegun ekimenetan parte hartzeko izena. 950 ikaslerentzako lekua daukagunez, zozketa egin behar izan dugu. Gune bakoitzak ikasleentzako ekimenak antolatu ditu abenduaren 5erako: Sagungabaran, esaterako, kazetaritza tailerra antolatu dugu Anbotoren leguntzagaz: Fernando Morillo idazlea eta Esne Beltza taldeko musikariak elkarrizketatuko dituzte ikasleek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!