Anaiak, osabak eta beste

Anboto 2013ko aza. 14a, 12:46
Audience taldeko Gaizka eta Ager Insunza izan ziren Kantuaren Kantoiko bigarren zitako gonbidatuak

Audience taldeko Gaizka eta Ager Insunza izan ziren Kantuaren Kantoiko bigarren zitako gonbidatuak.

 

Abizenak berak adierazten duenez, anaiak dira Gaizka eta Ager, eta, gainontzeko taldekideen ekarpena gutxiesteko ezelako asmo barik, baliteke euren genealogia musikalak baldintzatu izana, neurri handi batean, ezagutzen dugun Audience.

 

Aita eta osabak

Apustu egingo nuke hogeitamar urte baino gehiago badituzu ez zarela zure aitaren Seat 127an Lou Reed, The Beattles edo The Rolling Stones entzunez joan hondartzara bidean. Eurak bai. Etxean sekula ikusi ez arren, han zirela beti Osaba Lennon, Osaba Paul edo Osaba Ringo. Rock&Roll Animal entzuten zutela, zuk Nere herriko neskatxa maite entzuten zenuenean, eta Bowie jo nahi zuela pianoarekin Gaizkak, Mozarten partiturak jartzen zizkiotenean. Halako memoria musikalarekin, beharbada, errazago ulertzen da zelan sortu zen Audience Gernikan.

 

Gernikatik New Yorkera

Ez dakigu Berlindik pasata edo pasa gabe, baina horiek dira, momentuz, Audienceko kideen bidaia musikalaren bi muturrak. Tartean Bilbo Hiria Rock lehiaketa eta kritikaren txaloak jaso arren, taldea hobby bitaltzat daukate, eta euren burua ez dute musikaritzat. Zuek akaso ez, baina guk entzun genituen Reeden Take a walk in the wild side eta Dylanen Hurricane jotzen. Musikariak dira, eta ez edozelakoak.

 

‘Big Affair’

Halaxe du izena New Yorken John Agnellorekin grabatutako diskorik berrienak. Eta bai, kontu handiak darabiltzate esku artean aitaren, (amaren) eta osaben semeok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!