"Hemen beti dago baten bat tortillarako patatak zuritzen"

Anboto 2013ko aza. 17a, 08:50

Tabernako lanak jendeagaz hartuemanean egotea esan gura du, eta Mila Eizmendi pozik, jendezalea baita bera. Mesoi Berria duela sei urte hartu zuen, eta tabernako barran beti egongo da patata tortillaren bat... Tabernako izarra da tortilla. Inoiz, egunean hirurogei tortilla ere egin dituzte!

Tabernako lanak jendeagaz hartuemanean egotea esan gura du, eta Mila Eizmendi pozik, jendezalea baita bera. Mesoi Berria duela sei urte hartu zuen, eta tabernako barran beti egongo da patata tortillaren bat... Tabernako izarra da tortilla. Inoiz, egunean hirurogei tortilla ere egin dituzte!

 

\"\"

 

Mesoi Berrian ibili aurretik, taberna munduan ibili izan zara?

Nik nire lan bizitza osoa egin dut ostalaritzan. 18 urterekin hasi nintzen. Nire bi ahizpak beti izan dira ostalaritzan lan egindakoak, eta, orduan, amari esaten nion: “Ni ere bai, ama!”. Askotan damutu naiz, e? Gogorra da. Baina baita polita ere. Leku askotan ibili naiz, eta orain hau ez nuke utziko lan errazago bategatik, edo asteburuak libratzeagatik. Behin jendearekin ohituta... Eta ni jendezalea naiz.

 

Bezero onak dira durangarrak?

Bai. Leku guztietan dago baten bat aldrebesagoa... Baina bai. Batzuek esaten didate: “Ia durangar eginda zaude!”. Baina ez, hori ez da inoiz aldatuko!

 

Errezilgoa zarela askok jakingo du. Herriko kartelaren argazkia daukazu tabernan.

 

Hori hemengo neska batzuek ekarri zidaten. Errezil alboko herritxo batera joan ziren asteburua pasatzera. Errezil ikusi, kotxetik irten, eta argazkia atera zuten. Tabernara sartzen den jendeak galdetzen du: “Hemen nor da Errezilgoa?”. Eta nik ea hori zergatik galdetzen duten itauntzen diet. “Inor ez balego, ez litzateke argazki hori hemen egongo”, izaten da euren erantzuna.

 

Harrotasun puntu hori mantentzen duzu.

Bai. Hori ez dut galduko, eta uste dut hori ez dela galdu behar. Nahiz eta hemen oso oso gustura egon, eta herri hau ez nukeenaldatuko, hangoa naiz. Han ditut ama, han ditut nebak... Urrutien dagoena ni naiz.

 

Nebetako bat bertsolaria duzu.

Bai, lehenago ibiltzen zen txapelketetan-eta. Orain gutxiago ibiltzen da, baina deitzen badiote ibiltzen da pixkatxo bat. Aita ere ibiltzen zen; orduan, etxetik dator. Eta niri ikaragarri gustatzen zait. Tabernan, asteburuetan [telebistan] bertso saio bat dagoenean, ipini egiten dut. Eta ipintzen ditut trikitilariak, dantzariak... Euskal kutsua daukan guztia. Futbola dagoela, raka, aldatu egiten dut. Futbola tabernako telebistatik kentzen saiatzen naiz.

 

Luhartz ere gonbidatu izan duzue Mesoi Berrira.

Bai, baina azkenengoa ez zitzaigun ondo irten. Udaletxekoek esan zidaten nik ez daukadala baimenik horrelako gauzak egiteko. Hirugarren aldia zen zetozena. Oso polita izaten zen. Taberna atzean jartzen ziren, eta jendea dantzan hasten zen. Baneukan ideia zer edo zer gehiago ipintzeko afal osterako, baina ezin da. Baimen berezia behar da, eta ez dut baimen berezi bat hartuko noizean behin zerbait desberdina egiteko.

 

Jaiak joan, eta laster azoka egunak etorri. Estres egunak izaten dira?

Ez. Nik langileei esaten diet ez dela beldurrik eduki behar. Gauzak ahalik eta ondoen prestatu behar dira, eta ordutegiak ondo antolatu, atseden hartu... Guk mugitzen dugu estresa.

 

Hemengo tortilla oso famatua da.

Bai. Taberna hartzean, ahizpak esan zidan: “Mila, ipinitzan tortillak”. Orduan, apurka-apurka, gutxirekin hasi ginen: tortillak, kroketak, lauzpabost gauza... Orain askotan esaten diot, “mekaguenlaletxe, zergatik ez ote nintzen hasi bisigua ipintzen!”. Zenbat tortilla egiten den! Jendeak gehien eskatzen duena hori da, tortillak eta kroketak; lanik gehien ematen duten gauzak. Berrogeita hamar-hirurogei tortilla ere egin izan ditugu egun bakarrean.

 

Zer sekretu dauka, bada?

Zer? Bada, patata, arrautza eta kipula. Ez dauka sekreturik! Asteburuetan irteten dira tortilla gehien, eta orduan etengabe zaude patatak egin eta egin. Ez dute lehortzeko astirik izaten, eta onak egoten dira. Hemen arratsaldetan ez da egoten goizean egindako tortillarik. Beti dago norbait patatak zuritzen edo txikitzen. Behin, alemaniar talde bat etorri zen, eta neska batek esan zidan: “Etorriko zinateke Alemaniara patata tortilla egitera? Bilatuko dizut toki bat”. Han arrakasta izango nuela zioen. Hara joan eta tortilak egiteko, hemen hobeto.

 

Zermoduz Durangaldean?

Lehenengotan oso desberdina zen. Ni leku askotan egon naiz lanean, Donostian, Bergaran... Baina badago aldetxo bat gipuzkoar eta bizkaitarren artean. Hemendik hara joan direnek ere esan didate. Ez dakit esaten desberdintasuna zein dan zehazki. Hasieran, hona etorri eta gazteleraz egin behar nuen, ez ninduten ulertzen!

 

Zure euskara ez zuten ulertzen hemengo euskaldunek...

Eta nik ere ez beraiena asko! Gero, Durangon orokorrean jende askok egiten du gazteleraz, nahiz eta jakin. Jende asko dago niri euskaraz egiten didana, eta gero albokoarekin erdaraz. Ohiturak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!